Xabier Uranga, Santa Maria ateaurreko lanen arduraduna
Hondarribiko Ondarearen Aldeko HONDAE taldeak antolatuta,
Eraikitako ondare monumentalerako zaharberritze irizpideak goiburuko nazioarteko mintegia egiten ari dira gaur Hondarribian. Antolatzaileak oso pozik daude erantzunarekin, 50 lagunek eman baitute izena Paradorean egiten ari diren mintegirako. Goizean hiru hitzaldi izan dira bertan eta ondoren bisita gidatua egin dute, hitzaldietako bitan aztertu dutena
in situ ikusteko.
Izan ere, Gizateriaren Ondare izendatuta dagoen Finlandiako hiribildu batez gain, Santa Maria ateaurreko eta Erreginaren baluarteko zaharberritze lanak ere aztertu dituzte, lanen diseinatzaileen beraien ahotik. Bisita gidatuan ere arkitektuek eman dituzte haien lanaren gaineko azalpenak.
Mintegian izena emandakoak Klink elkartean bazkaltzekoak ziren eta arratsaldean itzuliko dira Paradorera, mintegiari amaiera emango dion mahai inguruan parte hartzeko.
Antolatzaileen esanetan, mintegiaren helburua “ikastea” da, beste zaharberritze esperientzia batzuetan erabili izan diren irizpideak ezagutu eta “egindako akatsak ez errepikatu”. Horregatik, garrantzia handikoa izan da parte hartzea, hizlariei nahiz publikoari zegokionez. Hizlarien artean, Alde Zaharrean egin diren zaharberritze lanen arduradunak ziren eta publikoan, besteak beste, Kulturako zinegotzia eta udal arkitektua.