50 urte milaka binilotan jasota
Garai bateko musika klasikotik gaur eguneraino, milaka dira Hondarribiko Banako tabernan jarri duten musika azokan aukeran dauden biniloak, prezio onean. CDak ere badaude, baina gutxiago, zientoka batzuk baino ez. Josema Martinez Back taldeko abeslaria da azokaren arduraduna. Hamalau urte zituela 1953an Irungo lehen rock taldean jotzen hasi zen, Los Punix taldean, eta urte batzuetara musika denda ireki zuen. Musika tresnak eta biniloak saltzen zituen eta kontzertuak antolatzen hasi zen, euskal taldeei aukerak ematen eta nazioarteko izarrak Euskal Herrira erakartzen.
Denda itxi zuenean ez zuen moztu txikitatik barneratutako zaletasuna eta azoka espezializatuetan saltzen eta erosten hasi zen. Baditu lehenagokoak eta gerokoak, baina 60. eta 90. hamarkadetako diskoen zerrenda ikaragarria da: rock klasikoa, pop, punk eta hardcorea, folk, progresiboa, AOR, heavya, euskal musika… Itzela.
Rocka bizitzeko modu bat izan da Martinezentzat eta bere binilo bilduma horren adierazgarri da. Euskal Herriko rock bilduma onenetakoa du eta gaur Banakon aukera dago bilduma hori ezagutu eta euro gutxi batzuk ordainduta, harri bitxiren bat etxera eramateko. Gaur izan behar du, ostirala, 20:00etan jasoko dutelako. Bernandu iristen denak Burlataraino (Nafarroa) joan beharko du bihar, hara mugituko baitu Martinezek bere bilduma.