Zuzengabetasuna doktrinaz mozorrotuta

Doktrina aplikatu diote», zioen SMSak telefonoaren pantailan. 2012ko apirilaren 30eko goizeko 8:55 ziren. Segundo pare bat lehenago idatziak ziren Monterroxoko (Galizia) kartzela ataritik. Juanjo Zubietak 22 urte zeramatzan preso. 1991n 22 urteko kartzela zigorra ipini zioten atentatu bat egiteaz akusaturik. Epaileak, kondenarekin batera, data hori eman zion: 2012ko apirilaren 30a, goizeko 9:00ak. Hori zen, hain zuzen, kartzela bizitzaren amaiera data. Ezin dut imajinatu etxera bueltatzeko eguna zehazten duen egun horrek zer nolako sentimenduak sentiaraziko dituen, zer somatuko den barruan egutegiari urtetan orriak kendu eta kendu eta halako batean, azkenean, data hori, etxera bueltatzeko eguna, begiztatzen denean… uste dut nire bizitzan ez dudala ezagutu egoerarik horrekin aldera dezakedanik. Bezperan, iluntzean, Oreretako laukote bat abiatu zen sakabanaketak Espainiako eta Frantziako mapetan hain sakon marraztu dituen bide amaigabe horiek ongi ezagutzen dituzten furgonetetako bat gidatzen. Agurtzerakoan, «bagoaz, baina bihar goizera arte, 09:00ak arte, seguruenik, ez dugu jakingo aterako den ala ez», esan zidan haietako batek. «Nola ez duzuela jakingo?», galdetu nuen, nire harridura ezin astindurik. Zintzilik geratu zen galdera, logikak eutsi ezinik, nonbait. Mezuak argitu zuen zalantza: «Doktrina aplikatu diote». Gau hura niretzat lo-gaua izan zen, furgonetako gidarientzat ez bezala. Ez dakit nolakoa izan ote zen Juanjorentzat. Ziegan zituen arropa eta liburu eskasak koadro koloredun errafiazko poltsan txukun pilatzen imajinatu nuen. Zain, egunak —eta bizitzak—, argitzeko zain. Nork eman ote zion berria bizitza bestelakoa bihurtu behar zuen goiz hartan? Pentsatzen dut funtzionario batek emandako paper batean irakurriko zuela. Etxean zain zuen amari telefonoz deitu zion, lehenik. Gero, arropak eta liburuak atzera zeuden lekuan utziko zituen. Eta zerora iritsi zitzaion kontagailua berriro martxan ipini beharko zuen: beste 8 urte. Horretan datza doktrina deitu duten horrek. Gidariek, berriz, kartzelako aparkalekuan zain zeudela jaso zuten amaren deia. Gau osoan egindako bidea atzera egin behar zuten orain. Lehenik Lekunberrira joan ziren, artean urte mordoska pilaturik zituen Juanjoren ama kontsolatzera, halakoetan kontsolamendurik baldin badago: semerik gabe zetozen, doktrina bat asmatu zutelako. Zorionez, doktrina deitutako desarrazoi horri amaiera heldu zaio. Urteak eta bizitzak berandu datorren arren, kito. Justiziak eta gizabideak baino gorrotoak eta mendekuak atondutako gain zigorrak iraun duen zazpi urtetan, 56 lagunek pairatu dute. Giza eskubideak urratzeko makinak, ordea, ez du bere kontagailua geratu nahi: logika arrazionaletik ulertzeko zaila den azterketa pasa behar dute ostiralero. Lanerako bidean noala, neska bat ari da irratian Estrasburgon Parot doktrinaren bidegabekeria ebatzi den unetik beretik lagun horiei kartzelan pasarazten ari zaizkien minutu bakoitzak beren giza eskubideen urraketan nola sakontzen duen azaltzen. Eta berriro pentsatu dut nire bizitzan ezagutu ote dudan egoerarik horrekin aldera dezakedanik. Gaur ostirala da berriz ere. Beste kide batzuen txanda izango da; zenbat eta nortzuk? Bihar, akaso, poza izango da etxeren batzuetan, doktrinak erregalatutako urteei puska kendu ahal izan dietelako: kilometrotan, osasunean, denboran eta dirutan ere neurtua izan beharko lukeen puska. Kixkur, Txikierdi, Jon Ander Urkizu, Juanjo Zubieta… 56 arte imajinatzen ditut bere ziegan, aspaldi zerora iritsia behar zuen kontagailua noiz geratuko zain. Animo, eta ongi etorriak guztiak etxera!
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.