La Bacaladera Hondarribia eskubaloi taldeak Usurbil liderraren etxean berdindu zuen larunbat arratsaldean (29-29), Euskal Ligako zazpigarren jardunaldiko partidan. Hirugarren aldiz berdindu dute hondarribiarrek sailkapeneko lehenengoaren kontra —3. jardunaldian Soraluzen eta 5.ean Zarautzen, Amenabarrekin—, baina oraingoan meritu handiagoa izan du lorpenak, Usurbilek partida guztiak irabazita zituelako larunbata arte.
Sailkapenean, Usurbilek jarraituko du lidergoan, Amenabarrek Soralucerekin galdu zuelako. Usurbildarrek 13 puntu dituzte eta Amenabarrek eta Soralucek berdindu egin dute bigarren postuan, 11 punturekin. Erandiok, La Bacaladera aurreratu du eta laugarren jarri da, 10 punturekin, Viki de la Hazaren taldeak dituenak baino bat gehiago.
Hasiera, uste baino hobea
Liga hasiera gogorra izan du Hondarribiko taldeak. Dagoeneko sailkapeneko lehenengo hiruren kontra jokatzea tokatu zaio, hiruren kontra kanpoan, gainera. Hala ere, uste baino kalte gutxiago jasan dute De la Hazaren mutilek, eta sailkapeneko goiko aldean kokatuta daude. Partida bakarra galdu dute eta gol bakarragatik izan zen. Zaila izango dute orain arteko mailari eustea baina gauza bat alde dute: lehen itzulia bukatu arte ez dute lehen hiruren kontra jokatu beharko.
Datorren asteburuan Egia Bar Koskorrioren kontra jokatuko du La Bacaladerak, etxean. Donostiarrak zazpigarren tokian dira, 8 punturekin. Igandean izango da partida, 12:00etan, Hondartza kiroldegian.
Eskubaloi taldeen asteburuko emaitzak
Euskal Liga
- Usurbil-La Bacaladera Hondarribia 29-29
Gazteen Lurraldeko Maila
- La Bacaladera Hondarribia-Beristain Elgoibar 21-24
Kadeteen Lurraldeko Maila
- La Bacaladera Hondarribiak atseden izan du