Haurrentzako pintura lehiaketa egingo dute igandean
Fanderiako Erdiko Erreka auzo elkarteak urteroko tradizioari jarraituz, eskualdeko haurrei zuzendutako pintura eta marrazki lehiaketa antolatu du. Igandean, hilak 17, izango da Erdiko Erreka auzo elkartean, 10:00etatik aurrera. Lanak egiteko hiru ordu edukiko dituzte, 13:00etara arte.
Lanak Fanderiako lokalean jarrita egongo dira, hilaren 22 eta 23an, 19:00etatik 21:00etara. Sari banaketa, berriz, hilaren 24ean (igandea) egingo dute, 13:00etan, Fanderiako lokalean.
Lehiaketan 3-14 urteko Errenteria-Orereta, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo haurrek parte har dezakete, eta lan onenentzat sariak izango direla aurreratu du auzo elkarteak. Horretarako, lanak adinen arabera sailkatuko dituzte: 3-6, 7-10 eta 11-14 urtekoak.
Parte hartzaile guztiei zigilatutako lamina bat banatuko zaie, 30×40 neurrikoak, eta gauza bera oihala aukeratzen dutenentzat ere. Partaideek nahi duten gaia aukeratzeko askatasuna edukiko dute. Atzean euren izen abizenak, adina, telefonoa eta helbidea zehaztu beharko dituzte.