Programazio berria estreinatuko du Zintzilik Irratiak
Aurkezpen saio berezi batekin hasiko du programazio berria Zintzilik Irratiak. Bihar, larunbata, bi ordutik gora iraungo duen saioa egingo dutela aurreratu du irratiak: “Sasoi honetan uhinetan izango ditugun programak aurkeztuko ditugu, ezagunak diren zaharrak, saio berriak… Era berean, Erretegia deitzen zaien albistegiko kolaboratzaileak, eta oro har, Zintzilik irratiaren uhinetatik entzun daitekeen guztia”.
Perrategira hurbiltzera animatu dituzte herritarrak, eta panel informatiboa inauguratzearekin batera, hamaiketakoa izango dela aurreratu dute.
Programa berriei dagokionez, astelehenean bi estreinatuko dituzte: Ai Kukurruttuku, arte eta musikari egindako aipamen kritiko bat, 18:00etan, eta 21:00etan, berriz, Hitza airean, AEK-ko ikasleen eskutik. Ostegunean, berriz, Mamba Negra hamabost egunean behin egingo dute Punk Irrati Showa eta Korrekaminos magazine politiko-soziala estreinatuko dituzte, 18:00etan eta 22:00etan, hurrenez hurren. Ez dira betiko saioak faltako: Play list, Astindu Txingurritegia, Barrio Tornasol, Lepotik Zintzilik, Matxura buruan, Erretegia, Arrosa sareko programak…