Domu Santu egunarekin urtero jartzen dizkiete loreak herriko fusilatuei
Urtero bezala, Domu Santu egunarekin Francoren diktaduran fusilatutako 21 oiartzuarrak gogoan izan dituzte dira udal kanposantuan. 1977an Luis Peña-Gantxegi arkitektu oñatiarrak diseinatutako monumentuko leihotik barrena ehiztarien tiro hotsak sartzen zirela burutu da herriko ezker abertzaleak deituriko ekitaldia. Hainbat herritar inguratu dira oroitarrira eta lore-sortak utzi dituzte bertan.
Udal ordezkaritza ere izan da, aste honetako osoko bilkuran kanposantuan mantentzen diren ikur frankistak kentzeko mozioa onartu eta fusilatuen aldeko omenaldira deia egin baitzen udaletxetik.
Ikur “mingarriak” ezabatuko dituzte
Ekitaldia amaituta, bertaratutakoak 36ko gerran hildakoen oroitarrira hurbildu ziren, bertan landuta baitaude ezabatuko dituzten ikur horiek.
Aho batez onartu zuten zinegotziek “mingarriak” gertatu daitezkeen adierazpenak kentzea. Herritar batek bultzatuta Kattin Ttiki memoria historikoaren aldeko taldeak aurkeztu zuen mozioa eta eskakizuna zehazten zuen: “soldados, voluntarios, requetes”, “Jose Antonio Primo de Rivera”, bertan dagoen koroa eta “1936ko uztailak 18” eta “1939ko apirilak 1” datak kentzea. Udaletik jakinarazi dutenez datozen egunotan ezabatuko dituzte horiek guztiak.