Kantaz kanta

Urriaren 19an Euskaraz Bizi Nahi Dut herri lasterketa izan zen Oiartzunen. Manifestazioz, ilegalizazioz eta epaiketaz jositako garaian, pozgarria da euskarak bere tartetxoa duela ikustea. 225 haur euskaraz bizitzearen alde korrika. 225 haur eta, seguruenik, beste hainbeste familia euskaraz bizitzearen alde korrika. Txikienak gurasoen laguntzarekin, helduenak erronka koloretsu bati aurre eginez. Giro ederra sortu zen herrian eta euskarak behar zuen protagonismoa hartu zuen. Euskara da gure lurralde libre bakarra dio abestiak. Baina egungo gatazka politikoan lehentasuna lur eremu geografiko bat askatzea da. Hizkuntzarik gabeko gatazka politiko baten konponbideaz ari gara; euskara, lagunok, ez dago agenda politikoan. Lainopean bezala galduak gabiltza, ez daizke bi nagusi batean zerbitza. Lainopean gaude, bai. Akats historikoak errepikatzen ari gara, urteek aurrera egin arren aurrerapausoak eman gabe. Zergatik? Aurrera egiteko ez dugulako atzera begiratzen. Gure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara esaten genuen; barkatuko didazue, baina ez dakit ez ote garen odolgaldu samarrak. Hizkuntza politika bakanak ditugu, eta egunero urratzen zaizkigu hizkuntza eskubideak. Urratu eta ukatu. Eta pizgarriak, adiskideok, nonahi ditugu. Begira ezarri nahi diguten hezkuntza erreforma berria, begira Seaskako proiektuak nola dauden soka fin batetik zintzilik, begira zenbait udaletan ezarri dituzten helegiteak. Dagoeneko ohituta gaude, eta hori da larriena. Hi engoiti ebiliren mundu guztietatik, euskara euskara jalgi hadi plazara. Etxetik hastea izango da onena. Euskaraz bizitzeko nahia adierazten dugu, baina ez dugu hautu hori egina. Eta, beraz, ez dugu beharra sortzen. Euskaraz bizi ahal izateko hizkuntza politika burujabe baten beharra dugu, eta ez dugu sekula lortuko euskara agenda politikotik at uzten badugu. Beharrik ez badago ez dago deus. Maila sozialean aldaketak egin behar ditugu, aldaketa horiek maila juridikora eta politikora ailegatzeko. Zenbaitek esaten du euskara eta politika ez direla nahastu behar, baina nik argi daukat euskarak politikak behar dituela, eta ez dela euskararik gabeko Euskal Herririk. Izaite bat ez daike hezur hutsez osa; herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik bereixtean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hilotza… Gure hitzak esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal… Maitia nun zira? Nik ez zaitut ikusten, ez berririk jakiten! Nora galdu zira? Ardura historiko handia dugu. Heldu diezaiogun behingoz gaiari eta pasatu gaitezen hitzetatik ekintzetara, Oiartzungo 225 haurrek ez dezaten historia errepikatzen ikusi. Tantaz tanta eta kantaz kanta.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.