197/2006 doktrina aplikatuta dituzten euskal presoak berehala askatzeko eskatuko dute gaur Oarsoaldeko eta Bidasoko hiri eta herrietan egingo diren azken ostiraleko elkarretaratzeetan. Deitzaileen ustez, Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak astelehenean kaleratutako epaia, “urrats garrantzitsua” da: “Europako giza eskubideen auzitegiak Espainiako gobernuak jarritako helegitea atzera bota du eta 197/2006 doktrina giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi du. Euskal gizartearen gehiengo zabal batek behin eta berriro aldarrikatutako presoen eskubideen aldeko bidean oso urrats garrantzitsua da hau”.
Horrela, zigorra betea eta Parot Doktrina ezarri zaielako preso jarraitzen duten presoak libre uzteko exijituko dute gaurko deialdietan. Preso horien auziez gaur eztabaidatuko dute Auzitegi Nazionalean. 197/2006 doktrina ezarria duten presoetatik orain arte 54k aurkeztu dute aske uzteko eskaera, eta auzi horiek banan-banan edo guztiak batera aztertuko ote dituen ebatzi behar du Auzitegi Nazionalak.
Eskualdean, Jokin Urain eta Juantxo Lasa oreretarrak, Gabriel Zelaia irundarra eta Jon Ander Urkizu sanpedrotarra dira 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoak.
Azken ostirala, Oarso Bidasoan
- Errenteria-Orereta: 20:00etan, Herriko plazan.
- Hendaia: 19:00etan, Pausuko biribilgunean.
- Hondarribia: 20:00etan, San Pedro kalean.
- Irun: 20:00etan, Zabaltza plazan.
- Lezo: 20:00etan, Gurutze Santuaren plazan.
- Oiartzun: 20:00etan, Doneztebe plazan.
- Pasai Donibane: 19:30ean, Meipin.
- Pasai Antxo: 20:00etan, Gure Zumardian.
Hondarribian, ohi bezala, elkarretaratzea eta gero afaria egingo dute Olagarro elkartean. Joan nahi duenak 727 73 01 06 telefono zenbakira deitu behar du.