Asturiasko Printzea Saria jasoko du gaur Txema Olazabalek
Gaur arratsaldean emango diote Txema Olazabal Hondarribiko golfistari kirol arloko Asturiasko Printzea Saria Oviedoko Campoamor antzokian 18:30etik aurrera egingo den ekitaldian. Ekainaren 16an aurreratu zuen epaimahaiak saria hondarribiarrari emango ziotela. Olazabalen “gainditze gaitasuna, jarrera lehiakorra eta ezaugarri humanoak” nabarmendu zituen Asturiasko Printzea Sariko kirol arloko epaimahaiak.
Asturiasko Printzea Fundazioak 1981. urtetik banatzen ditu urtero Asturiasko Printzea sariak eta gizateriaren ondare diren balore zientifiko, kultural eta humanistikoak sustatu eta goraipatzeko helburua dute. Zortzi arlotan banatuta daude: arteak, komunikazioa eta humanitateak, letrak, kirolak, gizarte zientziak, ikerketa zientifikoa eta teknikoa, nazioarteko kooperazioa eta konkordia. Fundazioaren ohorezko presidente den Asturiasko Printzeak berak banatzen ditu sariak.
Olazabal, Asturiasko Printzea Saria jasoko duen bigarren golf jokalaria izango da. Severiano Ballesteros kantabriarrak 1989. urtean jaso zuen.