Gabezia
Gaurkoan, biluzteko beharra sortu zait, agian besteen aurrean egiteak nire burua hobe ikusteko balio didalako. Beti izan naiz pertsona bat, oso estu hartu izan dudana nire burua. Norberak, bere bizi-ibilbidea egiten duenean, nondik datorren, nora doan eta zein ibilbide egin duen jakin behar du, alegia, egin duen pauso bakoitzaren esanahia.
Nondik natorren jakin izan dudala uste dut, eta egin dudan bidearen esanahia zein den ere. Zenbat kosta izan zaidan pauso bakoitza ematea, eta hark niregan utzitako arrastoa. Hala ere, badut nigan zati bat lasaiago bizitzen uzten ez didana. Oso exigentea naiz nire buruarekin, egin dudanari baino, egiteko dudanari arreta handiagoa jartzen diot. Zoriontsu ez bizitzeko oso modu ona da, izan ere, zure burua gabezia batekin lotzen baituzu. Egin dugunari gehiago erreparatuko bagenio, onura handiagoa litzateke. Ez dut esaten bizitza guztia pasa behar dugunik egin dugunari begira, ez mugitzeko aitzakia izan dezagun, baina tarteka gure burua baloratzeak on egiten digu.
Maiz pentsatu izan dut, zergatik ote den beti falta zaidanari begira egoteko behar hori. Atzokoaz damutzen eta biharra kontrolatu nahian bizi izaten gara, ohartzen ez garelarik bitarte horretan bizitza pasatzen zaigula begi aurretik. Nik uste, gabeziari begira egote hori, errealitatean ez egoteko modu bat dela. Azken batean, une honetan sentitzen ari naizen hori ez sentitzeko estrategia inkoszientea baino ez. Ez dugunari begira pasatzeak bizitza, errealitatea ez onartu nahi bat du atzetik. Ez onartu nahi izateak, neronek ere, munduko beste pertsona guztiek bezalaxe gabeziak ditudala. Gabeziak sentitu eta horrek ekarritako frustrazioa onartzeko beldurra baino ez da joera hau, agian, Ego handiegia dudalako eta ez ditudalako nire mugak onartu nahi. Bizitza guztia pasatzen dugu gauzak egiten, beldur baikara gelditu eta sentitzen ari garen hori bizitzeko, nahiz eta hau egiten dugun bakoitzean osasuna baino ez dakarrela sentitu. Azken batean, logika guztia duen beste joera absurdo bat.