Oarso Taldeko ordezkariak Suminduen Eguna babestu duten besteko eragile eta sindikatuetako ordezkariekin.
Suminduen Eguna prestatzen ari da Oarso Taldea. Azaroaren 9an izango da Errenteria-Oreretan, eta egun horretan krisiak ekarritako ondorio guztiekiko eta batez ere murrizketekiko euren desadostasuna azalduko dute. Hala ere, astean zehar hainbat alternatiba ere proposatuko dituzte, eta horren gunea Merkatuzar izango da.
Azaroaren 4tik 7ra egun handirako motorrak berotzen ariko dira. Hala, egun horietan hainbat hitzaldi eta alternatiben gaineko informazio emango dute. Esate baterako, asteartean, Fiare banku etikoa, Goiener energia kontsumoko kooperatiba, eta elikagai kontsumo kooperatibetako ordezkariek parte hartuko dute, eta stand-etan banatuta, bakoitzak egiten duen lanaren berri emango dute. Era berean, erakusketa eta tailerrak izango direla egun horietan aurreratu dute antolatzaileek.
Larunbata izango da egun handia, eta euren sumina erakutsiko dute herritarrek, manifestazioan.
Egitaraua Oarso Taldeak osatu du, baina hainbat sindikatu eta eragilek bat egin dute deialdiarekin: LAB, ESK, EILAS, CGT, CNT, Kaleratzeak Stop, Duintasuna, SOS Arrazakeria eta Oreretako Gazte Asanblada.
Hala eta guztiz ere, antolatzaileek kolore askotako herritarrak elkartu nahi dituztela esan dute: osasungintzako langileak, hezkuntzak komunitatea, irakasleak, gurasoak eta ikasleak, pentsionistak, langileak (“krisian egon ala ez, egunetik egunera soldatek balioa galdu eta laneko baldintzak gero eta kaskarragoak eta ezegonkorragoak baitira lan erreformaren eraginaren ondorioz”), langabeak, gazteak, etorkinak, dendari txikiak…
Oarso Taldea Errenteria-Oreretan krisiaren eta etxe kaleratzeen kontra lanean ari den taldea da. Hain zuzen, eskualdean egoera “gero eta gordinagoa” dela esan dute: “Langabeak 6.000tik gora dira, etxe kaleratzeak dozenaka, 100dik gora itxi dituzten enpresa eta tailerrak eta langileak kaleratu dituztenak, baita Enplegua Erregulatzeko Dosierren batean sarturik daudenak eta soldatak hainbat urtez igo gabe dituztenak”.
Beste eredu bat posible dela aldarrikatu dute, “berdintasunezko gizartea, garapen iraunkorrekoa, enplegua eta gizartea aberastasuna sortzeko”.
Egitaraua
Astelehena
- 11:00: Duintasuna erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak antolatutako manifestazioa, Herriko pLazan.
- 12:00: Kopagoari buruzko hitzaldia, Reina aretoan.
- 19:00: Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldearen hitzaldia, Merkatuzarren.
Asteartea
- 19:00: Fiare banku etikoa, Goinere kontsumo energetikoaren kooperatiba eta elikagai kontsumo kooperatiben stand-ak, Merkatuzarren.
Asteazkena
- 19:00: Zintzilik irratiaren eskutik, Comunicación y crisis hitzaldia, Merkatuzarren.
Larunbata
- 12:00: Txorizada, Zumardian.
- 19:00: Manifestazioa, Zumarditik.
- 20:00: Kontzertua, Zumardian.