Bi orduko atzerapenarekin hasi da Madrilen Herriko Tabernen epaiketa
Luze joan da inputatuta pasatu duten denbora. 2002an abiatu zuen Baltasar Garzon epaileak de facto Batasuna legez kanpo uztea ekarri zuen sumarioa. Batasunan, HBn zein EHn egindako lan politikoagatik ETAko kide izatea egotzita 36 lagunen kontrako epaiketa gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazioalean. 11 urte geroago. Gaurtik aurrera, bost bat hilabetez iraungo dute ahozko saioek, eta horietan epaituko dituzten 36 lagunak 11 urtez egon dira “talde terroristako kide edo buruzagi” izatearen akusaziopean, bizitzak baldintzatuta: polizia etxera sinatzera joatera behartuta, eta Espainiaren mugetatik irteteko debekuarekin, besteak beste. Ez dakite, zehazki, zer egin duten ETAko kide izateko. Ezta, zehazki, zer egitea leporatzen dieten ere. Lehena deklaratzen Idoia Arbelaitz oreretarra izango da. Oarso Bidasoko auzipetu gehiago daude, Rufi Etxeberria oiartzuarra tartean.
Jarduera politikoa egin dutela. Hori badakite, eta horrexegatik leporatzen diete ETAko kide izatea. Hiru alderdiak legezko zirenean, HB, EH eta Batasunan egindako lan politikoagatik. Horiexek dira 33 liburuki mardulek osatzen duten sumarioan auzipetuen kontra egiteko jasota dagoena: jarduera politikoa egin dutela egiaztatzen duten frogak: Europako Parlamentuko interbentzio eta aktak, legebiltzarrekoak, bileretakoak, prentsaurrekoetakoak… Inon ez da azaltzen epaituko dituzten 36 lagunek etakide izatea noiz eta nola erabaki zuten, ez erakunde armatuak noiz eta zer agindu zien ere, eta ez haren barruan zer egin duten ere.