Aupa zuek, neskak
Handia Hibaikako Arraun Elkarteko neskek egin dutena, balentria. Ederki egin dute arraunean.
Kontxako Banderan bigarren lekuan geratu ziren. Halaber, Euskotren Ligan eta baita Gipuzkoako Ligan ere oso ongi aritu ziren. Traineruen estropadetan ez ezik, trainerilletan nahiz bateletan ere oso saio onak egin dituzte emakumeen kategoria guztietan, Hibaikako neskak aurrean ibili direlarik norgehiagoka denetan. Zorionak!
Hibaika Arraun Elkartea 1987an sortu zen. Udalak 1989an utzi zion Ondartxoko Matadero zaharra, eta urte hartan bertan sortu zen Arraun Eskola. Ordutik, behin baino gehiagotan ikusiko zenituen badian gora eta behera.
Pirata ontzien banderen antzera, beltza da Hibaikako trainerua eta Madalen izena du.
Inguruan ditudan askori harrigarria egin zaie Oreretak trainerua izatea. Inoiz Donibanen pasioan gabiltzala gure traineru beltza ziztu batean pasatzen ikusi eta «hori Oreretako trainerua da», esan dudan aldiro, «Oreretak trainerua al du?» entzun dut, itsasoarekiko izan dezakegun lotura asmatu ezinik.
Ez da harritzekoa. Mendeak dira itsasoari bizkar emanda bizi garela; hala ere, ez da horrela izan beti. Dena esate aldera, mende askotan itsasoari esker ezagutu zuen bizitu zuen oparotasuna: gure ontziolak famatuak eta preziatuak ziren, hala nola herrian sortutako nabigatzaileak ere… Itsas bazterrean bizitzeak eskaini zien ogibidea eta garraio bidea, eta seguru, orain baino lehen, oreretarrok astindu behar izan genituela arraunak itsasoko uretan.
Meritua Hibaikak itsasoarekiko lotura eta tradizioa sekula galdu ez duten beste herrietako traineruekin lehian aritzeagatik… eta meritua, galanta, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren itsaso zailean —non Kantauri itsasoan baino olatu oldarkorragoak eta beldurgarriagoak izango diren—, hain dotore txanpa hartzen jakiteagatik.
Aurrekoan aipatu nuen gure inguruan ez genuela jakin esaten zein izan zen udako kanta. Haatik, uda hau arraun kanten uda izan da, nolabait. Entzundakoen arabera, Kontxako estropadei eta Zumaiako Arraun Elkarteari, bederen, eskaini dizkiete kantak. Zarauzko Enbata-k ere badu bere kanta, ikastetxeetan haurrek gogotsu kantatzen dutena.
Eta gure Hibaika? Zenbait balkoitan ikusi ditut letra beltzez Hibaika zioten bandera gorriak, baita jendea kalean taldeko elastiko gorriekin. Baina kantarik… lagunduko luke gure traineruarekiko zaletasuna sustatzen.
Udazken sargori honetako ilunabar batean korrika saioa egiten ari den mutil gazte talde batek aurreratu nau bidegorrian. Tartean ezagun batzuk antzeman ditut. Arraunari dena emanda dabiltza, aspaldian. Kontxako eta udako estropaden oihartzuna amatatu da jada. Heldu den sasoi aldiko prestakuntza lanari ekin diote orain arraunlariek, antza.
Ez da samurra izango, eguraldia petraltzen den ilunabar hotz eta ilun horietan jo eta su entrenatzen aritzea; baina hor egongo da, dudarik gabe, heldu den denboraldiko arrakastaren giltza nagusia. Uda honetako balentriaren aparretan zaudeten honetan, animorik handienak egun ilun eta gogor horietarako, neskak.
Bestalde, lortu duten emaitzengatik, eta egiten duten lanagatik
—batez ere—, ongi irabazia dute gureak ere kanta bat. Eskaintza polita litzateke Hibaikako lagunentzat. Izan ere, merezia, merezia dute kanta bat. Ea lagunen batzuk beretzat hartu eta animatzen diren. Hala, aurki gu ere, akaso, gure traineruari abesteko moduan izango gara.
Aupa, neskak, harrapatutako txanpari eutsi gogor eta eup… aurrera!