25. urteurreneko ekitaldiak hasi ditu Antxoko Basarik

Ostiral arratsaldean ekitaldia eta herri sardin jatea egin zituen Basari elkarteak Antxon, 25. urteurrenaren ekitaldien hasiera modura. Lehenik elkartean bertan bildu ziren bazkideak eta herritarrak, eta lehen lehendakariak —Ricardo del Pozo— eta egungoak —Iñigo Cousillas— 1988tik 2013ra arte elkarteak egin duen bidearen berri eman zuen. Gainera, gogorarazi zuten “hiru bazkide ez daudela gure artean”, Antxoko hiru preso politikoei erreferentzia eginez —Gorka Zulaika, Imanol Iparragirre eta Balbino Saez—. Gainera, herriko tabernen auzia datorren astean hastekoa dela nabarmendu zuen egungo presidenteak, eta horretan 200 auzipetu daudela, “gure elkartearen eta Euskal Herriko besteen historian zatirik ilunenetakoa da hori”. Alta, 25 urtean herriko eragile bezala egindako lanari garrantzia eman zioten aldi berean. Txalapartarekin hasi zen zilarrezko ezteien ospakizuna. Presidenteek eta Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak hitz egin ondoren, ekitaldirako espresuki prestatutako bertsoak kantatu zituzten Hamarretxeta kaleko elkartean bildu zirenek (beheko bideoan), eta elkartearen sarreran oroimenezko plaka zabaldu ondoren, ohorezko aurreskua dantzatu zuen dantzari batek. Hori eta gero familia argazkia atera zuten elkarteko kideek nahiz herritarrek. Larunbatean herri bazkaria eta ondoren dantzaldia egin zituzten Azokan. Igandan, berriz, Asteburu Mikologikoaren barruko ekitaldiak izan ziren.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.