
Plantilla ia erdia berritu du taldeak baina fin hasi dute liga
Hondarribia futbol taldeak sailkapenaren bigarren postuan ekingo dio Ohorezko Mailako bosgarren jardunaldiari. Etxean jokatuko dute bihar, larunbata, 16:30ean, Zarautz taldearen kontra. Zarauztarrak bigarrenak dira ere, baina bigarrenak atzetik aurrera. Orain arte gol bakarra sartu dute eta horretaz baliatu nahi dute Mikel Llorenterenek hiru puntuak eskuratu eta sailkapeneko goiko aldean jarraitzeko.
Lurraldeko Ohorezko Mailako denboraldia hasi zenean inork gutxik pentsa zezakeen laugarren jardunaldia jokatuta gauzak hain estu egongo zirenik. Egia da ia entrenatzaile denek mailako taldeen arteko parekotasuna nabarmentzen dutela, baina aurtengo ligaren hasieran dagoena itzela da. Lau partida jokatuta ez dago bi baino gehiago irabazi duen talderik eta sailkapeneko goikoen eta behekoen arteko tarteak oso txikiak dira: 12 puntu jokatuta, liderrak 7 baino ez dizkio ateratzen azkenari, eta bigarrenak 4 hamaseigarrenari.
Bigarren hori Hondarribia taldea da, orain arte bi partida irabazi, bat berdindu eta beste bat galdu duelarik. Beti Gazte liderrak puntu bat ateratzen dio baina sartutako eta jasotako goletan berdintzen dute bi taldeek: 9 gol sartu dituzte Beti Gaztek nahiz Hondarribiak, eta 7na jaso.
Gauzak horrela, biek lidergoa jokoan izango dute bihar eta etzi bitartean jokatuko den bosgarren jardunaldian. Beti Gaztek galtzen badu lider aldaketa egongo da, hori seguru, Hondarribiak galduta ere. izan ere, asko dira aurrekoen hutsaren zain daudenak. Beti gaztek 8 puntu ditu eta 7rekin sei talde daude, eta beste bat 6rekin. Nabarmendu behar da, gainera, multzoko talde indartsuenak izateko faborito diren talde batzuk ez daudela oraindik aurreko bagoian. Esaterako, Hernani, Real Union eta Bergara 5 punturekin daude, eta Aretxabaleta 3rekin.
Nafarren aurkako lehia
Hondarribia Futbol Elkartearen gainontzeko taldeei dagokionez, neskek atsedena dute eta mutilek Bera herriaren kontrako asteburua jokatuko dutela esan daiteke, hiru taldek jokatuko baitute Gure Txokoa taldearen kontra (Lehen Erregionalekoak, Gazteen Lehen Mailakoak eta Kadeteen bigarren taldeak) eta beste bat Beti Gazterekin (Gazteen Ohorezko Mailakoak).
Datorren asteburuan beheko mailetako taldeak hasiko dira lehian, infantil eta alebin mailetako mutilak eta neskak.