Sentsibilizazioa gehiago landu nahi du Ijitoen Asteak
Astelehenetik larunbatera, (hilaren 14tik 19ra) egingo dute Ijitoen Kultur Astea, Errenteria-Oreretan, aurten 11.enez. Kamelamos Adiquerar ijitoen elkarteak osatu du egitaraua, “herritar guztientzat”, eta aldi honetan, gehiago zentratuko dira sentsibilizazioan. Izan ere, ijitoen eta ijitoak ez direnen arteko elkarbizitza gehiago sustatu nahi dute, eta egitaraua ere horretara bideratu dute.
Zentzu horretan, ekitaldirik garrantzitsuenetako bat pilota partiduak izango dira. Ijitoen artean, geroz eta afizio gehiago dago pilotarekiko, eta Irun eta Zumarragatik Errenteria-Oreretara etorriko dira partiduak jokatzera bi bikote. Horiekin batera EPLEko pilota eskolako bikote bat eta kirol egokituko beste bat ariko dira. Zentzu horretan, urritasun intelektuala dutenek nahiz ijitoek helburu berak dituztela gizartearekiko azaldu dute, “ez egokitzea, integratzea baizik”.
Sailkapen partiduak astelehenean eta asteazkenean jokatuko dituzte, eta larunbatean finala. Partida guztiak Fanderiako pilotalekuan izango dira. Aste tartean 19:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, 17:30etik 18:30era. Ondoren, sari banaketa izango da, eta bertan izango dira aldundi nahiz udaleko eta Kamelamos Adiquerarreko presidentea, Juan Carlos Jimenez.
Beste ekitaldiakEkitaldi guztiak haur, gazte eta helduei zuzenduta daudela azaldu dute antolatzaileek. Hala, asteartean, Joxe Mari Carrerek ipuinak kontatuko ditu Merkatuzarren, eta ostegunean, ijitoen kulturari buruzko hitzaldia emango dute, Helduen Eskolan. Egun horretan bertan, Flamenko ekitaldia izango da, Niessenen, Askoa Etxebarrieta dantzaria eta David Escudero gitarristarekin. Ekitaldi horretan ere bi kulturetako ordezkariak bildu nahi izan dituztela zehaztu dute: Etxebarrieta gasteiztarra da, eta Escudero ijitoa.
Ostiralean, azkenik, umeentzako Raperflamenqueo tailerra egingo dute Gaztelekuan, bertako begiraleen laguntzarekin.
Egitaraua
Astelehena
- 09:00-13:00: Cafe Gitano, Xabier Olaskoaga plazan.
- 19:00-20:00: Pilota partiduak: EPLE-Kirol Egokituko federazioa, Fanderiako pilotalekuan.
Asteartea
- 18:00-19:00: Ipuinak, Joxemari Carrereren eskutik, Merkatuzarreko ludotekan.
Asteazkena
- 19:00-20:00: Ijitoen arteko esku pilota partiduak, Fanderiako pilotalekuan.
Osteguna
- 11:00-12:00: Ijito kulturari buruzko hitzaldia, Errenteriako HHI Helduen Heziketa Iraunkorraren zentroan.
- 20:00-21:00: Flamenco erakustaldia, Askoa Etxebarrieta La Pulga eta David Escuderorekin, Niessen Aretoan (sarrera 2 euro).
Ostirala
- 18:00-19:00: Raperflamenkeo tailerra, Merkatuzarreko Gaztelekuan.
Larunbata
- 17:30-18:30: III. Montxo Jimenez Oroitaldiko finala, Fanderiako pilotalekuan.