Ogia euskaraz erosteak sariak ditu
Erosi ogia euskaraz kanpaina abiatuko da heldu den astelehenean (hilak 14) Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak bultzatuta. Oiartzunen, ogia saltzen duten bederatzi dendek bat egin dute kanpainarekin.
Elizaldeko Xabalen, Garmendi txokolategian, Aialden, Odriozolan eta Garmendia okindegian, Altzibarko Berezin eta Irundarrenen, Ararguako Vermanin edota Iturriozko Pottolon ogia azaroaren 3ra bitarte euskaraz eskatzen duten bezeroek hilabete bateko ogia doan ateratzeko aukera izango dute. Izan ere, establezimendu horiek txartelak emango dizkiete bezeroei eta horietako bakoitzak hilabete bateko ogia dohainik emango diote irabazleari. Zozketa azaroaren 4an egingo dute.
Oiartzungo Udalak eta Ttur Ttur Euskaltzaleon Bilguneak zabaldu dute kanpaina herrian, baina Oarsoaldeko Euskara Batzordea duela hilabete batzuk hasi zen kanpaina hau bultzatzen. Hori horrela, Oiartzungo aipatu establezimendu horietan hizkuntza paisaia euskalduntzeko kartelak jarrita daude. Alcampo eta Carrefour saltokietako okindegiek ere bat egin zuten orduan ekimen horrekin.