Tomas Boada eta Honorio Altuna: "Guk ere egingo genukeen: Elkartasuna"
Duela bi urte jada, 2011ko urrian, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari muturrera merengezko opil bana jaurti zioten AHTaren aurkako MUGITU taldeko hiru kideek, Okzitaniako Tolosan egiten ari ziren Pirinioetako Lan Komunitatearen osoko bilkuran.
Izan ere, bilkura hartan jorratu zen gai nagusia ‘Pirinioetan zehar abiadura handiko lineen interkonexioa’ zen eta Barcina zen Euskal Herrian inposatu nahi diguten AHTaren sustatzaileen ordezkaria eta barrabaskeria ekologiko, ekonomiko eta sozial horren erantzule politiko nagusia.
Ekintza desobediente gogoangarri hartan parte hartzeagatik, Nafarroan polizia Foralak hiru tartalariak atxilotu zituen eta Entzutegi Nazionalak azaroaren 18an jarri du lau auzipetuak epaitzeko data, 5 eta 9 urte arteko kartzela zigor eskariekin.
Tolosan ekintza desobediente hau normaltasunez hartzeko gauza izan ziren, nazioartean jada nolabaiteko ospea hartu duen tarta-jaurtitzeen izaera sinbolikoaz kontziente. Sarkozy txikiak, esaterako, dastatua dauka herri-merengea, bestelako transzendentziarik gabe. Ez zituzten beraz ez identifikatu, ez atxilotu. Barcinak berak aitortu zuen bere muturrak garbitu eta, zapore gozoa zuela eta espero zuela Pirinioetako Lan Komunitatearen lehendakaritza ‘hasiera hura bezain gozoa’ izatea.
Alta, Euskal Herriko atmosferak bere onera ekarri ei zuen bilkura amaitu bezain pronto, eta berehala egin zituen adierazpen publiko larriak, ekintzaileak ETArekin eta indarkeriarekin lotuz.
Auziperatutako lagunon kontrako akusazioa ‘agintarien aurkako ustezko atentatua’ da, Barcinak berak hala eskatuta.
Eta hamarkada luzeak eman dituztenak esaten ‘demokrazian, indarkeriarik gabe dena dela posible’ isilik geratzen dira orain. Armarik ukitu gabe kartzelara joatea posible zela bagenekielako, baina honi buruz ari al ziren? Herri desobedientzia zibila kriminalizatzeaz eta penalizatzeaz? Nozitzen dugun sistema kapitalistak berezkoak dituen inposizioak, negozio pribatuak, gehiegikeriak, txikizioak, lapurretak edota harrokeria salatzen duten lagunak auzitegi alderdikoien esku uzteaz ari al ziren?
Egun, justiziaren lana ezagutzera eman diren ustelkeria politikoaren kausa anitzak estaltzean datza. Bere funtzio zehatza prozedura juridiko hauek denak luzatzea da, ahaztu ditzagun. Nolatan eska ditzake fiskal batek 5 eta 9 urte bitarteko kartzela zigorrak, ekitaldi publiko batean Nafarroako Lehendakariari merengezko opil bat jaurtitzeagatik?
Justiziak kasu honetan erakusten duena zera da, nolako ardura eta doitasun gabeziak dituen auzia baloratzeko, ekintza hau delitu gisa hartuz. Gero esan dezaten justizia denontzat berdina dela!
Paradoxa polita, ohikoa eta naturala, AHTa, tentsio altuko lineak, errauskailuak, superportuak edo fraking delakoa bezalako makro-proiektu birrintzaileak diseinatu, adjudikatu, garatu eta inposatzeko ardura politikoa duten berberak izatea, negozio erraldoi horiei esker euren patrikak legalki eta ilegalki aberastearekin batera, herriarenak husten ibili direnak izatea besteok mehatxatzen gaituztenak kartzela zigor luzeekin, geure kritika politikoa egiten ausartzeagatik. Geure eskubideak inguratuz eta uzkurtuz hazten dira bizkarroi sozialok; osasun, heziketa, lan eta etxebizitza eskubideak bermatzeko herriak jarritako sosen zakutik euren kontu korronteetara egiten ohituak daude, besteak beste halako makro-proiektu lizun, antzu eta miserableen bitartez. Eta inork bere ahotsa altxatuko balu, kartzelara! Jazarpen poliziala, toxikazio mediatikoa, isunak, errepresioa, mehatxuak, epaitegi frankistak, horra euren argudio ‘demokratiko’ guztiak.
Zein da herriari geratzen zaion bidea orduan? Nola gelditzen dira herri oso baten kontrako proiektuak? Nola esaten zaio norbere lehendakariari ezetz, jaramon egin dezan? Nola ‘desartikulatzen’ da ustelkeria baten praktika zigorgabea, eskubide publikoa xahutzen duenean? Abiadura Handiko Trenaren zifrak espantagarriak dira. Hildako langileak. Alferrikako inbertsio ekonomiko astronomikoak, alferrikako baliabide elitista baterako, jendartearen parte handi bat bazterketara, pobreziara eta miseriara bidaltzearen prezioan; zein eskubiderekin? Nork eman die halako eskubiderik? Nortzuk uste duzue zaretela, Barcina, herriaren interesak defendatzeko boterean zaudetenen indarkeria klase hori erabiltzeko? Nor da herriaren etsaia, justizia objektibitaterik eta doitasunik gabe aplikatzen dituen epaile baten aurrean erantzun behar dezan bere ekintzengatik?
Herriak eskubidea dauka pentsatzeko, iritzia emateko eta kritika egiteko, kohesio sozialarentzat kaltegarriak deritzon erabaki politikoen inguruan.
Egunerokoan aurkitzen ditugun arazoen aurrean (langabezia, zerbitzu publikoen murrizketak, ustelkeria, zigorgabetasuna, eta abar) klase politikoak ez du erantzunik eman; areago, ez du soluziorik eskaini. Egunero ikusten dugu nola doazen gure bizi baldintzak hondatzen; geroz eta lagun gehiago ikusten ditugu bazterketa sozialak irentsita. Aldiz, gastu publikoaren aurrekontuak igotzen dituzte, baina ez zerbitzu publikoen kalitateak gora egin dezan, hala nola hezkuntzak edo osasungintzak, baizik eta sos gehiago edukitzeko, lehen aipatutako euren makro-proiektuetarako. Horrela aberasten baitira beraiek, lan horien bitartez.
Geroz eta nabarmenagoa da klase politikoaren eta lan hauek egiteko kontratatutako enpresa pribatuen arteko harremana. Politikari horietako askok, gaur egun, enpresa pribatu horietako kontseilari delegatu dihardute.
Ez gaitzaten engaina, diru publikoa eurak aberasteko alferrik galdu duten politikari eta enpresa pribatuok. Onartu eta sustatu dituzten lan eta proiektuen xedeak ez dira izan eta ez dira izango herriaren mesederako.
Historiak epaituko zaituzte zuek.
Lerro hauen bitartez, deialdia egin nahi genioke Euskal Herri osoari, datozen egunotan auziperatutako lau lagunekiko elkartasunean egingo diren mobilizazioetan parte har dezagun, denok batera, pausoz pauso, geure Herriaren etorkizuna geure eskuetan hartu arte.
Bidenabar, besarkada bero bana bidali nahi genieke auziperatutako lagunei.
Guk ere egingo genukeen. Maite zaituztegu!