Beste urte batzuetan baino talde orekatuagoa dutela uste du Bilbaok
Hamar egun barru hasiko da Endesa Liga. Iaz jaitsi arren bertan izango da Gipuzkoa Basket, Burgosek eta Alicantek egin ez duten bulegoko lana egin eta gero. Azkar mugitu dira taldea osatzeko, oreka helburu.
Hondarribia-Irun saskibaloi taldea desagertuta, aurten ez da maila goreneko saskibaloirik egongo Hondartza kiroldegian. Baina Hondarribiak ez du erabat galdu goi mailako basketarekin harremana, herritar bat, Alvaro Bilbao, Endesa Ligan ari den talde gipuzkoarreko presidentea baita. Iaz maila galdu zuen Gipuzkoa Basketek, baina aurten ACBn jokatuko du berriro, igo zirenek ez bezala, ACBren baldintzak bete dituelako Donostiako taldeak. Jaizkibel hotelean elkartu da Hitza-rekin Bilbao, GBCk duela bi urteko urte magikoaren aurredenboraldia egin zuen leku berean.
Nola amaitu du zu bezalako hondarribiar batek ACBko talde baten presidente izaten?
Baldintza zehatz batzurengatik iritsi naiz hona. Bruesa Taldean lan egiten dut eta GBC taldearen babesle izan zen Bruesa hainbat urtez, bost uste dut, 2005 eta 2010 artean. Taldea kirol sozietate anonimo izatera pasatu zenean enpresak akzio pakete handia erosi zuen eta klubean enpresa ordezkatuko zuen pertsona ni izango nintzela erabaki zuen Bruesako presidenteak, eta horrela sartu nintzen Miguel Santosen kontseiluan, presidente orde bezala. Gero Gorka Ramonedarekin jarraitu nuen eta, Gorkak dimisioa aukeztu zuenean, ni nintzen eskailerako hurrengo koska, ez zegoen presidente izateko zerrenda handirik. Horregatik naiz presidente, baldintzengatik, arduragatik eta bizitzaren une jakin batean nengoen tokian egoteagatik, ez beste ezergatik.
Ramonedaren ordezko zara eta bere proiektuari segida emateko asmoz hartu zenuen kargua.
Ramonedaren proiektua baino Gipuzkoa Basketena dela esango nuke nik. Jarraitutasuna klub honetan zero unetik dago, aurrekontu txikiago nahiz handiagoekin, babesle batekin edo beste batekin, klubaren inguruan egon den lan taldea eta langileak ez dira aldatu hasieratik. Historia laburra baina oso bizia izan du GBCk eta presidente izatea egokitu zait, ez dakit zenbat urtez izango naizen, baina epe horretan gauzak ahalik eta txukunen egiten saiatuko naiz, proiektu honek etorkizunean jarrai dezan, eta zerbait hazten laguntzen badiot, hobe.
Larunbatean zure herrian jokatu zuen Gipuzkoa Basketek, eta irabazi. Nola bizi zenuen?
Polita izan zen. Batetik, Gipuzkoa osoari eragiten dioten ekimen guztiak deszentralizatzea ona da, hiriburutik ateratzea. Larunbatekoa polita izan zen, baina polita izan zen bezperakoa ere, Kilometroak festari lotuta Tolosan jokatzea eta derbia irabaztea Bilbao Basketen kontra, nahiz eta denboraldi aurrean izan. Beste urte batzutan Azpeitian jokatu izan dugu, edo saskibaloi tradizioa duten beste herrietan, hala nola, Zarautz, Bergara, Arrasate…
Larunbatekoa berezia izan zen etxean zelako, eta pena eman zidan jende gehiago etorri ez zelako. Ez guregatik, finean, ostiralean Tolosan Kilometroak laguntzeko egon ginen bezala, larunbatean Sport Mundi gobernuz kanpoko erakundeari laguntzeko egon ginelako Hondarribian. Baina ordu berean beste gauza polit bat zegoen, futbol taldeak Real Unionen kontrako derbian traineruari egindako omenaldia, eta beharbada horrek publikoa kendu zigun. Edonola ere kiroldegiak duen aforoa du eta oso ondo egon zen, eta saskibaloia hiriburutik atera eta lurraldetik paseatzea ondo dago.
Horrelako une gozoek balio al dute iazko denboraldi amaieran bizitutakoa ahazteko?
Niri aurten gustatuko litzaidake, ahal den heinean, eta ni behintzat barneratzen saiatu naiz, ez atzera begiratzea ezta ezkortasunez hitz egitea. Egia da joan den denboraldia izan zena izan zela, hori hor dago. Baina lan handia egin dugu ACBn geratzeko. Hori ere baldintzatua izan da, bazirelako bi talde kantxan helburu hori lortu zutenak, Burgos eta Alicante, baina ACBren eskakizunak ezin izan dituzte bete, besteok beste garai batzuetan bete behar izan ditugun horiek. Ez dira orain gogorragoak, oso gogorrak dira, baina denentzat dira eta igo ginenean bete behar izan genituen eta orain ere bete behar izan ditugu, mailaz jaitsi eta geratzeko gonbitea jasotzen duten taldeei eskatzen zaiena oso zaila delako betetzeko. Baina klub honek bilakaera txukuna izan du eta gauzak ordenaturik eramateak asko lagundu du eta Gipuzkoan ACB saskibaloian eskaintzen jarraitzeko aukera eman digu horrek.
Zer lan egin behar izan duzue ACBko batzarrak Gipuzkoa Basket ligako talde bezala onartzeko?
ACBk Gipuzkoa Basket eta Manresa gonbidatu zituen jarraitzeko, baina horretarako lau eskakizun bete behar dituzu: Gizarte Segurantzarekin egunean zaudela erakustea, Haziendarekin gauza bera, jokalariekin zorrik ez duzula, eta ondare neto positiboa izatea. Erortzen ari denarekin, nahiko nuke jakin Gipuzkoako zenbat enpresek betetzen dituzten lau baldintza horiek. Guk lau horietatik hiru betetzen genituen eta Donostiako Udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker laugarrena bete dugu. Laugarren hori Donostia Arena 2016 kiroldegiaren, Illunberen erabilpena arautzeko akordioa izan da eta ondarea orekatzeko aukera eman digu horrek, eta ACBn jarraitzeko.
Klubaren egoera ekonomikoa zertan da egun?
Gauza bat da ekonomikoa eta bestea finantzieroa. Gure diruzaintza ahula da eta egoera ez da ona. Lagun Aro izena galdu dugu eta babesle nagusirik gabe gaude, erakundeen laguntzak geroz eta txikiagoak dira, eta mugitzen garen marko ekonomikoan ulertu behar da hori, eta horrek guztiak egiten du aurrekontua asko jaitsiko dela. Baina horrek, arduratu baino, zeregina ematen digu eta horregatik lan asko egin behar izan dugu eta egiten ari gara ACBn izateko. Baina egoera oso delikatua da.
Halako egoeratan, sekula baino garrantzia handiagoa hartzen dute bazkideek. Abonatu kanpaina aurkeztu zenuten joan den astean. Zer moduz joan da orain arte?
Guk finantzatzeko lau zutabe ditugu, bat da babesle nagusia, egun ez duguna baina lanean ari gara, beste bat da erakundeen laguntza, hirugarrena enpresa laguntzaileen multzoa, dagoeneko ia ehun enpresa direla laguntzen digutenak eta badakit haietako askok sekulako esfortzua egin behar dutela guri laguntzeko, eta laugarren zutabea, kualitatiboki garrantzitsuena, proiektua hau sustengatzen duen masa soziala da.
Aurreko astean abonatu kanpainari bultzada eman genion, baina nik beti esan dut kanpaina horrek urte osokoa behar duela izan, ez hamabost egun irailean eta ezta bi hilabete Gabonak baino lehen. Egia da orain denboraldi hasiera dela, taldearen jantzi berria, jokalari berriak… eta hori trasmititzen saiatzen gara jende gehiago hurbiltzeko guregana, saskibaloiaz disfrutatzeko.
Bilbao, Jaizkibel hotelean
Zenbat bazkide ditu taldeak eta zenbat beharko lituzke?
4.500 ditugu. Zenbat nahiko genituzke? Nik hori instalazioarekin lotzen dut eta ez da ahaztu behar zezen plaza batean jokatzen dugula. Guk beste talde batzuk dituzten kiroldegien antzerakoa izango bagenu, beste kirol jarduera batzuetarako ere balioko duena, 6.500 edo 7.000 eserlekuko kiroldegia izango bagenu, oso ondo legoke 5.500 bazkide izatea, hori ideala litzateke. Baina dugun instalazioa dugu eta helburua nik uste ahalik eta bazkide kopuru handiena lortzea izan behar dela. Noski, ditugunak baino mila gehiago izatea nahiko nuke Pena hori da, instalazioa duguna izanda, publiko asko datorrenean ere giroa ez dela beste instalazio batean izango litzatekeena bezain beroa izaten.
Eta horrek epe motzera edo eratinera irtenbiderik al du?
Ez, eta ez dugu planteatzen. Egun hortaz eztabaidatzeak ez du ezertarako balio, ez Gipuzkoan behintzat.
Minutu bat duzu Bidasoko eta Oarsoaldeko jendeari, Gipuzkoa Basketen partida bat zuzenean ikusi ez duenari, azaltzeko zergatik egin behar den bazkide.
Behin probatzeko eskatuko nieke, eta hori taldetik sustatzen dugu, jendeak gu probatzeko aukera. ACB saskibaloia kirola baino gehiago da, ikuskizuna da, eta nik ez dut inor ezagutzen behin bakarrik egon dena, probatzen duenak errepikatzen du. Eskualdetik hogei minutura ACB saskibaloia izatea, ordutegi nahiko zentzuzkoetan, aukera paregabea da. Eta familia plana egiteko aukera dago, haurrek oso ondo pasatzen dutelako oso gaztetik, giro ona dagoelako, biolentziarik gabeko kirola delako, kirolarik harago doazen buruberokeriarik gabea. Finean, kirola arnasteko modua da, disfrutatzeko, jendea ezagutzeko eta ikusi gabeko gauzak ikusteko. Horregatik amu onena behin probatzea da, eta gurekin erraza da hori, ACBko prezio merkeenetakoak ditugulako: esaterako, unibertsitarientzako abonoarekin 100 euro baino gutxiagotik ACBko 17 partida ikusten dituzu, liga osoa, ia futbol partida bakar batek balio duena da hori. Hortik aurrera familientzako eskaintza asko ditugu, prezio desberdinak pabilioiko lekue desberdinetan… Probatu dezatela, eta ziur errepikatuko dutela.
Aurten zaleek talde oso berritua ikusiko dute. Beste taldeek baino denbora gutxiago izan duzue fitxatzeko baina talde erdia berritu duzue.
Hasieratik baldintzatuta ginen, Raul [Neto], David [Doblas] eta Javik [Salgado] kontratua zutelako; gero Juleni [Olaizola] eta Mikeli [Motos] jarraitzezko eskaini diegu, etxeko jokalariekin lan egin nahi dugulako, hainbesteraino, Cortaberriaren fitxaketarekin Tolosan lau euskal jokalari ari zirela batera kantxan eta hori inork ezin du esan ACB, ez aurten ez inoiz. Eta hori harro egoteko arrazoia da.
Jokalari horiekin bakarrik, oso azkar mugitu behar izan ginen, ACBn egongo ote ginen ez genekienean hasi ginen mugitzen, denboraldi aurrea hasi baino lehen plantilla osatu nahi genuelako, iazko hutsegiteetako bat hori izan baitzen. Ekaina bukaeran eta uztaila hasieran hiru fitxaketa azkar egin genituen. Espainiako ligetan eskarmentua duten jokalariak bilatu ditugu, beste urte batzuetan izan ditugun adaptazio arazoak ekiditzeko.
Eta iruditzen zait talde interesantea dugula, ACBn aritu izan diren jokalariekin, Robinson, Ramsdell edo Kortaberria bezala, eta Espainiako beste ligetan jokatu izan duten jokalariekin, ilusio handiarekin etorri direnak, Winchester edo Hanley bezala, eta Goran [Huskic] da estatuan jokatu ez duen jokalari bakarra. Ilusio handia dugu eta, aurten bai, etorri dena nahi zuelako etorri da, eta ez besterik ez zuelako aurkitzen.
Nola fitxatu duzue, entrenatzaileari kasu eginez, tesoreriari?
Entrenatzailea klubeko pertsona da, ehuneko ehunean, eta badaki nola gauden. Etengabe ari gara berarekin kontaktuan eta gure mugak oso ondo ezagutzen ditu. Gauza bat eta bestea ez dira bateraezinak, teknikoen baharrak eta klubaren zailtasunak aintzat hartzen profil batzuk zehaztu genituen, azkar mugitu gara eta egindako lanak asebetetzen nau.
Denboraldi aurrea bikaina ari da izaten.
Denboraldi aurrea denboraldi aurrean ari da izaten. Beste urte batzuetan jokalariak berandu etorri dira, edo lesioak izan dira, edo jokalariren bati ezetz esan behar izan diogu, edo etorri behar zen norbait etorri ez… Abuztuaren 26an Brasilekin jokatzen ari zen Raul [Neto] ezik, beste guztiak hemen zeuden, hau da, hilabete baino gehiago daramate elkarrekin eta giza talde itzela egin dute. Luxua da hori, bilatu dugun luxua.
Gabonak baino lehen gauzak ondo ez badoaz, edo jokalariren bat moztu beharko balitz, edozer dela, gehiago fitxatzeko modurik izango luke klubak?
Egoera hori ez dut planteatzen.
Hortaz, denboraldirako plantilla luzea duzuela uste duzu.
Bai.
Eta beste urte batzuetan berdin ikusi al duzu?
Urtero egiten duzunean gauza bera pentsatzen duzu, plantilla luzea dela, nahikoa dela, baina aurten beste ikuspuntu batetik ikusten dut, plantilla askoz ere orekatua da, eta jokalari bakoitzak argi du zein den bere zeregina.
Ligako lehen helburua Errege Kopa da, duela bi urte klubak lehen aldiz jokatu zuena. Aurten helburua izango da Koparako sailkatzea?
Ez. Kontuan izan gauza bat, ez dakigu la sasoiz nola dauden gure kontra ariko diren taldeak. Txapelketak jarriko gaitu gure tokian, bai ligaren erdian, bai ligaren amaieran. Errege Kopa ez da gure helburua, bi jardunaldi falta direnean biak irabazi behar baditugu, orduan izango da, baino lehenago ez, gaur ez. Partida guztietan konpetitzea da gure helburu bakarra.
Gipuzkoako hiru eta Euskal Herriko lau jokalari ariko dira aurten Gipuzkoa Basketen eta bik behintzat, Kortaberriak eta Salgadok, minutu asko jokatzeko moduan dira. Zaleei begira polita da hori, euskal jokalariak ACBn jokatzea eta norberaren taldean egitea.
Oso polita da hori. Euskal jokalari bat, edo are gehiago donostiarrak kantxara ateratzen direnean zaleen erantzuna berezia da haiekiko, batetik, etxekoak direlako eta bestetik, gazteak direlako. Gogoratzen dut Lander Lasa egon zenean ere hala zela. Javi eta Korta beteranoak dira, baina Julen eta Mikel oso gazteak dira —20 urte dituzte— eta asko dute erakusteko, asko ikasteko eta jokalari bezala asko hazi behar dira oraindik. Publikoak asko baloratzen du taldean etxeko jokalariak izatea, konpetitzeko eta aurrean duten taldearen aurka aritzeko gai direnak.
Baina salbuespena ere bada, hori ez delako gertatzen ez Bilbon ez Gasteizen.
Baina Sevillan ere ez daude sevillarrak, eta Estudiantesen zenbat madrildar dago, edo valentziarrak Valencia Basketen? Ave raris gara. Garen bezala, euskaldunok ez dugu bi metro eta erdi neurtzen, baina beste gauza batzuekin ordezkatzen da eta etxekoekin jokatu eta konpetitu dezakegulako harro gaude.
Egunen baten lortuko al da beste hori, Gipuzkoa Basketek dituen bezala, Bilbao Basketek eta Baskoniak hiru edo lau euskal jokalari izatea?
Oso zaila da. Nahiko nuke eta nahiko nuke ere hemendik urte batzuetara gurean hamaika jokalarietako sei gipuzkoarrak izatea, baina egun ez dira horretarako baldintzak betetzen. Gu gara lehen interesatuak hori horrela izateko, baina urteetako lana da hori, gure fisikoaren idiosinkrasia aparte utzita, urte askoko lana da eta urruti gaude. Daukagunarekin harro gaude eta badakigu salbuespena garela.
Elkarrizketa bukatzeko, zein titular irakurri nahi zenuke 2013-2014 denboraldia bukatzerakoan?
[Asko pentsatu behar izan du] ‘Gipuzkoa Basketek desberdina dela erakutsi du aurten ere’.
Baliabide pribatuen eta laguntzen arteko oreka behar dela uste du
“Laguntza publikoa kudeaketa egoki baten saria izan behar da”
Hondarribia-Irunek lehen taldea galdu du aurten, eta iaz Bilbao Basketek erreskatatu zuen Bizkaiko diputazioak, babeslea galdu eta gero. Baliabide pribatuen eta laguntza publikoen arteko oreka behar dela uste du GBCko presidenteak.
Hondarribia-Irunek Emakumeen Liga utzi behar izan du aurten. Ez da albiste ona izan?
Honelako albisteak ez dira inoren gustukoak, eta ez diote inori laguntzen, baina erakundeekiko menpekotasuna ezin da muturreraino eraman. Ondo legoke Gipuzkoan eliteko bi emakumeen talde egotea, baina ez dut uste hori posible denik.
Gipuzkoako enpresek ez dute saskibaloia babesten, edo ez dute emakumeen kirola babesten?
Hori erantzuten ez naiz ausartzen. Guk ia ehun enpresa laguntzaile ditugu, egia da, baina sekulako lana egin dugu hori lortzeko. Ez da enpresek laguntzen ez dutela, baina lan handia egin behar da hori lortzeko, egun osoa eman behar da zeregin horretan.
Iaz Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Basket erreskatatu behar izan zuen. Zein da zure ustez, erakunde publiko batek goi mailako talde bati eman behar dion laguntza?
Erakundeen laguntza errekurtsoen kudeaketa pribatu egoki baten osagarri izan behar da. Hortik aurrera, nahiko nuke aldundiak laguntzen diguna baino gehiago lagundu ahal izatea, eta beraiek ere hori nahiko lukete, baina gu ez gara lehentasun bakarra eta haien esku dago erabakitzea aurrekontua nola banatu behar den. Oreka egon behar da, eta laguntza publikoa kudeaketa egoki baten saria ere izan behar da.
Eta Endesa Ligako taldeen artean ere oreka beharko luke egon?
ACB ere egoera delikatuan dago. Iaz telebista eskubideengatik guk 0 euro jaso genuen eta horrek aurrekontua erabat hautsi zigun. Agian bi, hiru talde handientzat 200.000 edo 300.000 euro ez da hainbeste, baina guretzat 150.000 euro diru asko da. ACBn hemezortzi talde gara, bakoitzak bere interesak ditu, eta ez dakit ondo ari garen lanean helburu bera lortzeko, hau da, produktu honen, eliteko saskibaloiaren balorea igoarazi eta ACB liga taldeentzako errekurtsoak sortuko dituen iturria izatea.
Polita da beti zure taldea beti telebistaz ikustea, baina telebistak publikoa kendu ere egiten duela kontuan izanik…
Bai, hori da. Telebistagatik ez badut sarrerarik, zergatik onartu behar ditut nik telebistek agintzen dituzten ordutegiak. Agian ez dira ordutegi txarrenak, baina ez dizuteuzten zuretzat onena den ordutegia aukeratzen.