Zesta partidak izango dira ostiralean, ikasleentzat
Hondarribiko Pilota Eskolak ez ohiko jardunaldia antolatuko du ostiralean Jostaldin, 14:30etik 16:30era. Jai Alive enpresako pilotari profesionalen partidak izango dira, baina harmailetan herriko hiru ikastetxeetako ikasleak eseriko dira, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose eskolakoak. “Honen helburua, herriko gaztetxoek zesta puntaz gozatu eta zer den ikustea da”, azaldu du Ortzi Alonso pilota eskolako zesta ataleko kideak.
Pilota eskolatik aurreratu dutenez, datozen hilabeteetan jardunaldi gehiago egingo dituzte Jostaldin ikastetxeekin, “kirol honekin kontaktu zuzena izan dezaten eta nahi duenak zesta punta jokatzeko aukera eskainiz”. Pilota eskola, Jai Alive eta Hondarribiko Udala elkarlanean ari dira ostiral honetako eta hurrengo jardunaldiak antolatzeko.