Arraunlariak futboleko lehen taldeko jokalariekin, partida hasi aurretik
Kontxako bandera irabazi zuten arraunlariak omendu zituen Hondarribia Futbol Elkarteak larunbatean, Ohorezko Mailako taldeak Real Unionen kontra jokatu behar zuen derbiaren aurretik. Txalo zaparrada batekin hartu zituen Hondartzako harmailak arraunlariak, baita berotasunarekin hartu ere futbol elkartearen taldeetako kirolariak, arraunlariei omenaldia egiteko aldaleku ingurutik zelai erdiraino pasabidea osatu zutenean.
Asko handitu da futbol elkartea Hondarribian eta dagoeneko ia 400 kirolarik osatzen dute, gehiago entrenatzaileak eta laguntzaileak kontuan izaten baditugu. Askotan mutilen lehen taldeak eramaten ditu titularrak, baina ez da ahaztu behar atzetik gazte asko dagoela beheko mailetan eta haiek gabe ez legokeela ez lehen talderik ezta gainontzekorik ere.
Aurten Emakumeen Lurraldeko Ligako taldea osatu da ere —iaz ez zuten lortu, jokalari faltagatik—eta nesken Txikien Mailan bi talde, lehen taldera iristeko gogoz astero-astero lan egingo dutenak. Horiek guztiek, neskek zein mutilek, txalo zaparrada jaso zuten Kontxako banderaren garaileei egin zitzaien ekitaldiaren atarian. Haientzat ere izan zen merezitako omenaldia.
Amunarrizek ohorezko sakea
Ama Guadalupekoa traineruko arraunlariak izan ziren protagonista larunbatean Hondartzako berdegunean, futbol elkarteak prestaturiko omenaldian. Futbolariek egindako pasabidetik egin zuten arraunlariek ibilbidea, Ioseba Amunariz patroiak Kontxako bandera eskutan zeramala. Aurreskua egin zitzaien eta futbol zaleen txaloen artean bi presidenteek, Fernando Etxebestek (HFE) eta Josemi Elduaienek (HAE) oroigarriak trukatu zituzten.
Amunarrizek ohorezko sakea egin zuen, eta baloiarekin ere abilezia duela demostratu zuen ontzi berdeko patroiak. Bukatzeko, Ohorezko Mailako futbolari eta talde teknikoko kideek argazkia egin zuten Ama Guadalupekoako arraunlariekin.