Kristal zikinak

Zenbat aldiz esango genuen: «Nik haunditan zu bezelakua nahi dut izan». Zenbatetan egingo genuen amets gure etorkizunarekin, izango ginenarekin, edukiko genuenarekin, egingo genuenarekin. Zenbat proiektu, zenbat nahi; gehienak alferrik. Zergatik izango ote da geroz eta helduagoak izan, orduan eta dudatsuagoak garela? Urteekin zergatik lanbrotzen zaizkigu ideiak, asmoak, nahiak eta ametsak? Gaztaroan eta, batez ere, haurtzaroan naturalagoak gara, gardenagoak. Naturalak dira gure ekintzak, baita gure harremanak ere. Adin horretan guztia da tremendistagoa, baina garbiagoa da, zintzoagoa. Azkar haserretzen gara, baina azkar eskatzen dugu barkamena. Azkar maitemintzen gara, eta azkar ahazten dugu hainbeste maitatutakoa. Ez dugu konplexurik sentitzen duguna esateko eta sentitzen duguna esaten dugu, ez pentsatzen duguna. Kutsatu gabe gaude oraindik. Askotan pentsatu izan dut kristala garela, sortzez garden-gardena, garbi-garbia den kristala, distiratsua. Urteen poderioz, ordea, kristala zikintzen joaten da, lanbrotzen. Filtroa jartzen diegu gure buruei. Ez dugu sekula eskua sutan jartzen, normalean ez gaudelako ziur esaten eta egiten dugunarekin. Naturaltasuna eta bat-batekotasuna galtzen ditugu, baita konfiantza ere. «Bai, baina…» edo «ez, baina…» bihurtzen zaigu egunerokotasuneko ogi. Edo bestela isilik gelditzen gara, izan beldurragatik edo nagitasunagatik, hanka sartzeak izua sortzen digulako eta gero hanka-sartzeak konpondu behar izateak alferkeria. Gardena opako bihurtzen da. Eta esango duguna pentsatu egiten dugu, esaten duguna sentitu gabe eta sentitzen duguna esan gabe. Filtroak eta filtroak leku guztietatik. Askok pentsatuko duzue filtroak jartzea ona dela, ezin dela ibili gauzak bururatu ahala esaten. Ados, baina guztiak du bere neurria. Hainbeste filtro jartzea ere ez da ona, zikinkeria guztia bertan gelditzen baita. Haserre gaudenean, triste gaudenean, ados ez gaudenean edo, pozik gaudenean ere, gauza gehiegi uzten ditugu filtroetan. Hortaz, zahartzarora ailegatzen garenerako lehertu beharrean egoten gara. Nola ez ba? Eta delako zahartzaro hori geroz eta lehenago etortzen da; aurreratzen ari da. Horregatik, hitzak neurtzetik hitzak isiltzera pasatzen gara, filtroetan ez dagoelako tokirik. Eta lehertu ordez isiltzea hobe, ez? Sentsazioa dut geroz eta helduagoak izan orduan eta gutxiago ezagutzen dugula gure burua. Hazten eta hezten ari garela uste dugu, baina bizitzak erakusten digunarekin handitzen joan ordez kikiltzen joaten gara. … Badirudi nire kristala ere lanbrotzen ari dela urteak joan ahala. Neurtu hitzak, jarri filtroak, baina garbitu tarteka kristala. Zaila da zikinkeriaren eta gardentasunaren arteko neurria aurkitzea, baina ziur nago nonbait egongo dela…
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.