
Kattalinen aldeko bazkariko sukaldariak, Klink Elkartearen egoitzan
Klink Elkarteak bazkari solidarioa egingo du urriaren 19an, bularreko minbizia dutenen alde lan egiten duen Kattalin elkartearen jarduna laguntzeko. Klinkeko presidente Iñaki Aseginolazak bazkariaren aurkezpenean azaldu zuenez, “helburua ez da bakarrik dirua lortzea, baizik eta Hondarribia, Irun eta Hendaiako gizarteari solidario izatea zein garrantzitsua den gogoraraztea, are gehiago bizi dugun garaian”. Dagoeneko txartelak eros daitezke Klinken bertan, edota San Pedro kalean dauden Alzaga Urdaitegia eta Kai-Alde goxotegian.
Bazkari berezia izango da, bereziak diren bezala sukaldean laguntzeko lortu dituzten gonbidatuak: Gran Soleko Bixente Muñozen pintxo batekin hasiko da bazkaria, Hermandadeko Iñaki Bergesek munduan hain ezaguna egin den arrain zopa prestatuko du, Zumardikoak elkarteko Miguel Tobarrek bakailoa, Fernando Sanzberrok haragia, Kai-Alde goxodendako Kandi Diazek postrea, eta David de Jorge sukaldariak gehitu zuenez, “nik ogia eta izotzak ekarriko ditut”. Horien guztien parte hartzea eskertu zuen Aseginolazak.
150 lagunentzako bazkaria prestatuko dute eta, sukaldariez gain, eskualdeko bakailao enpresen elkartea den Bacalao Saborealo-k eta Hermanos Jauregi harategiak bazkarirako behar den arraina eta haragia emango dute. Luxuzko bazkaria izango da, luxuzko helburu bat izango duena, baina 15 euroko prezioan baino ez. Urriaren 15ean egongo ez direnek eta lekurik gabe geratzen direnek, aukera izango dute helburuarekin kolaboratzeko, 0 lerroa bat jarri baitute. Gainera, Klink Elkartearen bazkideek dagoeneko badute Kattalinen alde laguntzeko aukera, urriaren bukaera arte elkartearen egoitzan zerbait kontsumitzen dutenean ekarpenak egiteko aukera baitute.
Elkartasuna ohitura bezala
Ongintzako elkarte bezala sortu zen Klink elkartea eta ohitura onak ez dituzte galdu bertakoek. Aurten bertan, eskualdeko langabeen eta behartsuen aldeko elkartasun bazkaria egin zuten Erdi Aroko Azokarekin eta udan, abuztuaren 1ean hil zen Babou Dioufen gorpua herriratzeko diru bilketarekin bat egin zuten, beste bazkari bat antolatuz.
Hortaz, urriaren 19koa urteko hirugarren ekimen solidarioa da Klinkekoentzat eta, ohi bezala, erantzuna betikoa izatea espero dute, bikaina.
‘0’ lerroa:
- Kutxabank: 2095 5039 90 1061338918
- Laboral Kutxa: 3035 0049 01 0490705339.