Seigarrenez antolatu du Girizia elkarteak Aiako Harria BTT Maratoia, eta aurten urriaren 5ean (larunbata) izango da. Bizikleta eta natura maite dituen ororentzat zita baliagarria da, baina proba herrikoia izateaz gain, Euskadiko Open Zirkuiturako ere puntuagarria izango da, eta era berea, Gipuzkoako Txapelketa izango da.
Bi ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek: 30 eta 60 kilometrokoak. Biak ala biak Oiartzungo mendi eta basoetan barrena izango dira, eta 09:30ean aterako dira. Horrez gain, txikienak ere kontuan izan dituzte, 3-14 urteko haurrak, hain zuzen. Txiki-txikienek multi motoak erabiltzeko aukera izango dute, eta 11 urtetik gorako eta gurasoentzako, berriz, ibilbide berri bat antolatu dute: Urkabe mendira igo eta maratoiko ibilbidearen azken zatia egiteko. Horiek, berriz, 10:30ean jarriko dira martxan.
Izen ematea
Euskadiko Openean eta Gipuzkoako Txapelketan parte hartu ahal izateko
www.fvascicli.com webgunean eman behar da izena, eta proba herrikoian, izena
www.kirolprobak.com webgunean eman behar da. Urriaren 3an itxiko dituzte zerrendak, baina egunean bertan ere eman ahalko da izena. Federatuek 10 euro eta ez federatuek 13 euro ordaindu behar dituzte izena aurretik emanez gero, eta egunean bertan, bi kasuetan, 20 euro (09:00ak arte). Urriaren 4an jaso ahal izango da dortsala, 19:00etatik 20:00etara.
Umeek, berriz, egunean bertan eman beharko dute izena, 09:45etik 10:30era.