Arma Plaza Fundazioak ate irekietako jardunaldia antolatu du Guadalupeko Gotorlekuan igandean, udako kanpaina amaitzeko. Ekainetik hainbat ekimen burutu dituzte turismo bulegotik eta Behemendi Landa Garapeneko Erakundearekin eta emaitza ona izan dutela esan dute fundaziotik: “2012arekin alderatuta %18 bisitari gehiago izan dira”.
Kanpaina amaitzeko, eta Fundazioen Europako Egunarekin bat eginez, gotorlekuaren ateak irekiko dituzte hilaren 29an eta hiru bisita gidatu egingo dituzte musutruk, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.
Hiru orduko bisita teknikoa
Udak udazkenari utzi dio lekua eta udako kanpainak udazkenekoari. Hala, programa bereziak abiatuko dituzte urritik aste santua bitartean Guadalupeko gotorlekuan. Ohiko bisita,
Ezagutu fuertea goiburukoa, larunbatero egingo da 11:00etan eta ordubeteko iraupena izango du. Gutxienez 10 laguneko taldea behar da egiteko eta, horregatik, Arma plazako bulegoan erretserba egitea ezinbestekoa da; talderik osatuko ez balitz jakinaraziko diote izena eman duenari.
Eta, bestetik,
Bisitak Debekatutako Tokietara egingo dituzte, hiru orduko ibilaldi teknikoak. Hileroko lehen larunbatean egingo dira eta Historian Doktorea den Juan Antonio Saez ariko da gidari bezala. Taldea osatzeko gutxieneko kopurua sei lagunekoa da.
Ohiko bisita zein bista teknikoa egiteko aldez aurretik izena eman behar da. Hiru modu daude egiteko: Arma plazako turismo bulegora joanez, 943 64 46 23 edo 943 64 36 77 telefonoetara deituz eta
posta elektronikoz.