Jesus Aranburu langile eta 'trabajadorea'
Joan den ostegunean hil zen 95 urte zituela Jesus Aranburu Oskoz, Errenteria-Oreretan. 1936ko gerran frontean ibilitakoa, ondoren atxilotua eta Langile Batailoietan aritutakoa izan zen. Aske utzitakoan, gerra aurretik lan egiten zuen lantegi berean jarraitu zuen beharrean: Real Compañia Asturiana de Minasen. Orduan ere hainbat kezka zituen, eta langileen eskubideen alde aritu zen borrokan.
Errenteria-Oreretan jaio zen 1918an Aranburu, Foru plazan, eta aitaren pausoak jarraituz, Real Compañia Asturiana de Minasen hasi zen bera ere lanean 15-16 urterekin. Gerra lehertu zenean, frontean aritu zen. Errenteria-Oreretan trintxerak egiten ibili zen altxamenduaren aurka borrokatzeko. Gerrak aurrera egin zuen, eta Ingeniarien Lehen Batailoi Mistoan parte hartu zuen, eta Gipuzkoa zein Bizkaian ibili zen frontean 1937an atxilotu zuten arte.
Hainbat kontzentrazio esparrutan egon zen: lehenik, Condor Legioarenean, segidan, Santanderko La Magdalenan, gero Bilbon, baita Eskolapioetan ere… 1939an bueltatu zen Errenteria-Oreretara, baina berriro deitu zuten langileen batailoietan aritzeko 1942. urtera arte.
Real Compañia Asturiana de Minasen jarraitu zuen lanean, baina bere kezketako bat langileen eskubideak ziren, eta hala langileen asanbladetan eta grebetan parte hartu zuen.