Independentzia
Ez naiz oso originala izango eta neronek ere, Diada egunean gertatutakoaz idaztea pentsatu dut. Batez ere, Espainia aldean diskurtso aldaketak nabaritu direlako, seguruenik, azpian harrapatu ditzakeen olatu bat dela sentitu dutelako batzuk, hasi dira igerian.
Zer pentsatua eman dit hainbeste independentzia oihu bazterretan entzun ondoren. Ni ere, hamaika manifatan independentzia oihukatutakoa naiz, ziurrenik, errosarioa errezatzen duten umeen modura sartuak baititut kontsigna asko nire baitan. Askotan pentsatu izan dut, nik aldarrikatu izan dudan independentzia hori, mamirik gabeko eskari bat zela, azken batean, independentzia nahi nuela argi nuen, baina zertarako nahi nuen ez. Jendea entzun izan dut esaten, independentzia nahi lukeela bere euskaldun izatea aitortua izan dadin. Nik, jaio naizen inguruan eta garaian jaio naizelako, ez dut horren beharrik eduki, zorte ona nirea! Euskaldun izateko aukera izan dudalako. Nik ez dut behar inork aitortzerik nire identitatea zein den, ez dit paper batek esango ni zer naizen, edo zer ez naizen.
Joera izan da urte askotan, Euskal Herriaren independentzia, Nafarroako Erresumaren existentziarekin justifikatu nahi izateko. Diskurtso historiko batek justifika dezan eskaera. Nik ez nuke baimen hori atzerantz begira egingo, nik independentzia nahi dut ez garai batean izan zirelako, noizbait nik izan nahi nukeenagatik. Horregatik, sarritan pentsatu izan dut zertarako nahi nukeen nik nire bizitzan independentzia. Nire baitan pentsatzen aritu ondoren hauxe etorri zitzaidan: nik, beste hezkuntza sistema bat ezartzeko, naturarekiko orekan biziko den gizarte bat sortzeko, euskararen eta euskal kulturaren biziraupena bermatzeko nahi nuke independentzia. Desoreka sozialetan eta hormigoian oinarritutako gizarte bat eratzeko, nahiz eta ikurrinaz jantzi hau guztia, nik ez nuke nahi, nahiago nuke utopia batekin amesten jarraitu,errealitate triste bat ikusi baino. Garai berri hauek bizitzen ari garenez, interesgarria iruditzen zait norberak hausnarketa hori egitea. Uste baitut Euskal Herriaren gatazka errealena independentzia lortuko litzatekeen egunetik aurrera zetorkeena litzatekeelako.