Astean zehar haurrek egin dutena, gainontzeko hiritarrek egingo dute asteburuan. Hau da, Mugikortasunaren Astearen bidetik ikastetxeetako haurrek hainbat ekimen egin dituzte astean zehar, Eskola Bidearekin: elkarrekin ikastetxera oinez joateko ekimena izan da, puntu batetik abiatuta hezkuntza zentroraino. Baina asteburuan, esan bezala, ekimen gehiago egingo dira (beheko zerrendan daude). Udalak eta hiriko hainbat eragilek antolatu dituzte horiek, eta udaleko Mugikortasun, Ingurumen eta Udaltzaingo arduradunek, Cristina Labordak, Miguel Angel Paezek eta Goizane Alvarezek hurrenez hurren, jakinarazi dutenez, “oinezkoek lehentasuna izango duten hirigune urbano baten abantailak” gozatzeko aukera izango dute irundarrek ekimen horien bidez. Honakoak dira:
Bihar
- 11:00etik 19:30era, Zabaltza plazan mugikortasun iraunkorrarekin harremana duen informazioarekin karpa jarriko dute.
- 16:15etik 19:00etara, Osinbiribileko bidegorrian, bizikletaren erabilera urbanoari buruzko ikastaroa emango dute, 14 urtetik gorakoentzat. Parte hartzaileek bizikleta eta kaskoa eraman behar dute.
- 16:30etik 19:30era, Zabaltza plazan, Nola mugitu, hala sentitu ekimena. Osakidetza eta Osatzenen parte hartzearekin, oinez mugitzeak dakartzan onuren gaineko ekimena da, hainbat euskarri mediku eta bestelakoekin. Google Maps-en bitartez hainbat ibilbideren luzeraren kalkulu erreala egiteko aukera izango da.
- 16:30etik 19:30era, Zabaltza plazan, bizikletak konpontzeko tailerra egingo dute.
- 16:30etik 18:30era, Zabaltza plazan. Bi kategoriatan (4-7 adin tartekoak, eta 8-12 adin tartekoak) marrazketa lehiaketa egingo dute. Sariak 18:30ean emango dituzte, eta zozketak ere egingo dituzte.
- 11:00etatik 14:00etara, eta 16:30etik 19:30era, Zabaltza plazan, Irunera trena iritsi zeneko 150. urteurrena gogoratzeko miniaturazko trena jarrita egongo da, Bidasotarra 7301 Trenbidearen Lagunen Elkartearen eskutik.
Etzi
- 10:30etik 13:30era, Zabaltza plazan mugikortasun iraunkorrarekin harremana duen informazioarekin karpa jarriko dute.
- 10:30etik 12:00etara, bizikleta martxa Irungo 30 zonaldeetatik eta bidegorrietatik, Zabaltza plazatik abiatuta.
- 11:30etik 13:30era, Igande Sasoi ekimenaren saio berria, Zabaltza plazan.
- 11:30etik 13:30era, bide hezkuntzako haurrentzako zirkuitua Zabaltza plazan.