Udako kanta eta kontuak

Uda bakoitzak omen du bere abestia, la canción del verano delakoa. Gure inguruan ez gara ados jarri zein izan den aurtengoa; oso ospetsua izan ez den seinale, akaso. Izan du, baina, uda honek bere mugimendua, eskumutur-dantza: za, za, za, za, za. Abanikoa izan da, dudarik gabe, uda honetako mugimendua. Madalen Jaietako irudi bat geratu zait buruan: alde batera eta bestera begiratu eta adin, neurri, eta klase guztietako jendea, abanikoa eskuan, eskumuturrak dantzatzen za, za, za, za, za… mugimendu harmonikoan. Uda hau, eta zer esanik ez Madalen Jaiak, zerbait izan badira, beroak izan dira. Eta izango zen ezaugarri hori norbaiten pozgarri. Esamesek diotenez, eta San Fermin Jaietan izan ziren lagun batzuk baieztatu digutenez, kexu ziren festarik festa ibiltzen diren kale-saltzaileak, aurtengo jaietan gutxi edo batez saldu dutelako. Egia esan, fenomeno soziala bihurtzen ari den goizeko seietako diana ikusi besterik ez zegoen. Ez ziren asko nabarmendu argi koloreduneko betaurreko, eraztun eta gisakoak. Herri askotan egunak argitzerako poltsikoak huts-hutsik harrapatu ditu munduko auskalo zein bazterretatik etorri eta gau osoa festan ginenon peskizan ibili diren gaueko langile horiek. Eskerrak bero egin duen, eta horrek zertxobait salbatuko zuen festen kanpaina. Gauza asko aitortu behar zaizkie pertsona horiei. Bat nabarmentzekotan, egoeretara egokitzeko duten gaitasuna. Hala, ekaitzak lau tanta bota orduko, abanikoak ordezkatuak zituzten era guztietako aterkiengatik. Harrigarria da guk zer nahi edo zer behar eta berehala gure eskura nola jartzen duten: zer nahi, hura eskaini. Beroagatik baino gehiago eguraldi eguzkitsuak hala eskatuta, guztiok kontsumitu dugun produktuetako bat eguzkitik babesteko krema izan da. Aitortu behar dut gutxi ulertzen dudala aloe veraz, E bitaminaz, UVA izpiaz eta abarrez. Baina bai konturatu naiz zeinen konplikatua bihurtu dugun bizitza. Marketinak zalantza eternalean murgildu gaitu. Gauzarik sinpleena erosteko mila eta bi aukera izateak, norberarentzat zer den egokiena eta batez ere komenigarriena erabakitzeak buruhauste handiak ematen dizkigu jende korrienteari; zalantzan geratzeko beti hau, bestea edo beste hura hartu beharko zenukeen. Behin eguzkitik babesteko krema bat erosteko behartu nintzen. Erabaki nuenean, ez erraz-erraz, zein babes indizea komeni zitzaidan, krema, gela edo olioa behar nuen, eta beste hainbeste kontu, hurbildu nintzen, bada, betiko dendara. Dendariari inongo zalantzik ez uzteko, eta produktua zehatz-mehatz deskribatu niolakoan, arrapaladan bota nion erosi nahi nuena. Aho bete hortz geratu nintzen krema kaxa luzatu zidan bitartean erretorika osatu zuenean: «Anti-manchas y anti-edad». Ordutik, nire begien parera iristen diren eguzki babesle krema pote guztien etiketei begira nago. Eta ikusi dut aurtengo krema guztiak adinaren aurkakoak direla. Hamaika ikustekoak jaio gara! Estatubatuarrek denboraren makina aspaldi asmatu eta erabilita omen dute… marka handiagoa da edozein ertzeko lurrin dendan adinaren aurkako ukenduak saltzea, alajaina! Pentsatzen jarrita, ohartu naiz bete dudan urte bakar bat ere ez dudala saltzeko. Horregatik, ez, mesedez, nik adina izaten jarraitu nahi dut! Adina aipatuta, urteak ez doazela alferrik konturatu nintzen dokumental bat ikusten ari nintzela. Dokumentala, Euskal Herria ur azpian utzi zuten uholdeen 30. urteurrenaren harira egin dute. Keinu bat egiten ari ziren garaiko telefonoei, autoei, eta halako batean 1983ko udako kanta ipini zuten, «vamos a la playa o, o, o», gogoratzen duzu kanta?
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.