Pasaiako Mugen Batzordeak "borondatea" ikusi du aldundian
Pasaiako Mugen Batzordeak bilera egin zuen pasa den ostegunean, hilaren 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat ordezkarirekin. Horien artean zegoen Martin Garitano ahaldun nagusia. Batzordeak jakinarazi duenez, “lehen aldia” da ahaldun nagusiak pasaitarren aldarrikapenak entzun dituela. Bi ordu iraun zituen bilerak, eta “borondatea” ikusi zuten foru ordezkariengan.
Batzordeak gogorarazi du aldundiak “historikoki” bere ahalmenak eta eskumenak “alde batera utzi” dituela mugen auziari dagokionez, eta “beti Donostiaren alde egin du, kalte larriak eraginez Pasaiako interes zilegiei”.
Pasaiak eskatzen dituen Donostiako lur horretan Pasaiaren alde eginez gero, “kudeatzen zailak izango diren ondorioak izan ditzakeela badakite bi aldeek”. Pasaiako Mugen Batzordeak bere nahia adierazi du “eskubidea gailendu dadin, egitateen aurrean”. Pasaiako Udalak auzi horri konponbidea bilatzen urteak daramatzala gogorarazi dute: “Ezinbestekoa da udalerriaren etorkizuna ziurtatzeko, eta Pasaiak Gipuzkoako beste udalerri batzuen baldintza berbera edo antzekoak izan ditzan”.
Baatzordekideek zein Pasaiako Udaleko udal taldeek argi utzi nahi dute ez dela “funtsik gabeko borroka bat”. Gaineratu dutenez, “Pasaiaren interesen aldeko ekintzarik landuena da, eta gainera, interes horiek Zuzenbidean eta Legean funtsatzen eta babesten dira”.
Uste osoa dute aldundiak Pasaiaren alde ebatziko duela auzia. Nabarmendu nahi izan dute Pasaia “aho batez” hitz egiten ari dela, eta esan dute ez dutela borroka politikoetan sartu nahi.