Irabazita hasi du Hondarribiak Ohorezko Mailako denboraldia
Hondarribia Futbol Elkarteko Ohorezko Mailako taldeak 2-1 nagusitu zitzaion larunbatean Beriori, 2013-2014 denboraldiko aurreneko jardunaldiko partidan. Mikel Llorente entrenatzaileak partidaren aurretik adierazi bezala, “taldean aldaketa asko” izan dira, baina denboraldiari “ilusioz beterik” ekin diote, “herriko jende gaztearekin”.
Ilusioz hasi du Hondarribiaren lehen taldeak, eta garaipen batekin, Hondartzan lortutakoa. Hiru puntu horiekin eta sartutako bi golei esker laugarren postuan jarri dira berdeak eta bigarren jardunaldian puntuatzen saiatuko dira, denboraldia hasierako bagoian abiatzeko. Ez da lan erreza izango, multzoko lehen liderraren etxean jokatuko baitute, Lesakan, Beti Gazteren aurka. Asteburuan Hernanin lortu zuen Beti Gaztek garaipena (4-5), ligako talde sendoenetako baten zelaian.
Beti Gazte eta Hondarribia taldeekin batera, beste lau talde daude sailkapen nagusian hiru punturekin. Bergarak eta Ostadarrek etxean lortu zuten garaipena, Vasconiarekin eta Zarautzekin, hurrenez hurren. Getariako Ketak asteburuko ezustekoa eman zuen, joan den denboraldian mailaz igotzea lortu eta gero Lagun Onaken etxean irabaziz hasi baitu denboraldi berria. Real Union Bk ere etxetik kanpo irabazi zuen, Aloña Mendirekin (2-3).