Beste behin Irailak 8
Honezkero 20 urte bete dira emakume talde batek Alardean parte hartzea eskatu zuenetik. 17 urte emakumeen parte hartzea ahalbidetu aldera Jaizkibel konpainia herriko kaleetan zehar desfilatzen hasi zenetik.
Halaxe hasten da alabak eskutan duen ipuina eta halaxe gabiltza
gu ere, herri eta hirietako zenbait teknikari eta ordezkari politiko, gutxika-gutxika eta poliki-poliki, herritarrekin batera parte hartze kultura indartu nahian, herritarrak beren egunerokotasunaren eta etorkizunaren eraikuntzan parte aktiboa izan daitezen lanean.
Eta ulertu dezakedanez, honezkero nazka-nazka eginda egongo zarete Alardearen gaiarekin. Baina ezin besterik idatzi, ezin besterik buruan izan bi egun barru Hondarribiko Alardea denon ahotan egongo bada. Beste behin Jaizkibel Konpainiako kideak plastiko beltzak, irainak eta bestelako tentsio uneak jasateko arriskuan badaude. Beste behin herritarrekin batera jaietako festa nagusian parte hartzeko aukerarik izango ez badute.
Ezin besterik idatzi herriko alkateak piromano baten moduan jardun duenean. Gatazka baten aurrean soluzioak proposatu edota elkarrizketa guneak sustatu beharrean, gezurren bidez bere burua zuritu eta pozoiez betetako hitzak plazaratzen dituenean jaien bezperan.
Herriko gehiengo isila gatazka lehenbailehen konponbidean jar dadin eskatzen ari den bitartean, herritarrak liskar gehiago jasateko prest ez dagoenean, alkatearen hitzek beste behin lasai zegoen kale giroa sutzea besterik ez dute lortu. Alkateak bere hitzekin sektore erradikalena kontentatu nahi izan du; lekuz kanpoko hitzak erabiliz erradikalek bere egunean emandako bozka babesa konpentsatu nahi izan du.
Baina 20 urte ez dira alperrik pasa eta herritarra badoa poliki-poliki kokatzen bere burua. Jendeak badaki egun batean egoera ulertezin eta jasangaitz honi amaiera eman beharko zaiola eta amaierako argazki horretan ezinbestean Jaizkibel azalduko dela. Horrexegatik jendea ez dago egungo egoera beste hamarkada batez luza dadin onartzeko prest.
Eta ez Kerejeta, ez, inork ez du inongo estatusik inposatzerik nahi. Jaizkibeleko kideek ez dute kondizio sexualagatik inolako rola inposatzerik nahi. Berdintasunean parte hartzeko aldarria ez da zuk diozun bezala desio legitimo bat, ez da uda amaierako egun bateko kapritxoa, funtsezko eskubide legitimo bat baizik.
Eta Igeldoko afera aipatzen duzu adierazteko bizilagunen hitza entzun beharra dagoela, bizilagunen nahien aurkako estatusik ez inposatzeko. Hori nahi omen duzu zuk ere Hondarribirako, gehiengoaren nahia aintzat hartzea. Aldiz, Igeldon eskubide osoak dituzten herritarrak auzo ala herri izan nahi duten erabakitzeko aukeraren egikaritzan datza gatazkaren gakoa eta Hondarribian, berriz, funtsezko eskubideak ukatzen zaizkien herritarrak herritar osoak izateko eta herriko festetan berdintasunean parte hartzeko aukeraren ukazioan. Eta ondorioz, berdintasunean bizitzeko eskubidea ezin da bozkatu, ez baita hautazkoa, ez baita kapritxoa, guztiok bete beharrekoa baizik. Eta zu alkatea izanik lehena.
«Hondarribiko Alardea herriak duen ondare kultural-historiko garrantzitsuena dela», diozu. Horixe esan duzun egia bakarra. Aldiz, ahaztu zaizu eranstea emakumearen parte hartzea oztopatu asmoz Alarde publikoa pribatizatzea onartu zenutela, guztion ondarea esku gutxitan utzi zenutela.
Ez, herria ez da zure probokazioan eroriko. Ez dizu plazer hori emango. Herriak gatazka konpontzea nahi du eta guk, herritarrok, zuk ez bezala, ardura horrekin jardungo dugu.