Pankarta gabe igoko dute Kale Nagusia. Irudia astearteko entsegukoa da.
“Hilaren 9an beste prentsaurreko bat konbokatuko dugu”. Hori esanez bukatu zuten Jaizkibel konpainiako kideek astearteko entseguaren aurretik komunikabideekin izandako hartu-emana. Joan den asteburuan Aitor Kerejeta alkateak egunkari batean esandakoei erantzuteko deitu zuen Jaizkibelek prentsaurrekoa, haien kontra esandakoak arbuiatu eta igandeko desfilea “festa giroan” egingo dutela esateko.
Eta hori eta gero hilaren 9an berriro hitz egingo zutela esan zuten. Gauzak zuzendu edo gehiago okertuta, alardearen ondoren mintzatuko ziren konpainia parekideko arduradunak, ez lehenago. Zergatik hori? Ekainan Iñigo Urkullu lehendakariak zera esan zuen Eusko Legebiltzarrean, bi herrietako desfileetako batean [Irun edo Hondarribian] aurten bertan emakumearen berdintasunari begira urratsen bat emateko lanean ari zirela eta aditzera eman zuen lan horren gakoetako bat diskrezioa izango zela. Zein herritan ariko ziren ere ez zuen zehaztu lehendakariak, baina Irungo jaiak igarota argi geratu da ezer ez dela mugitu Irunen. Herriko alkateak berak asteburuan eskainitako elkarrizketan onartzen zuen mugimenduak izan badirela, nahiz eta irekitako ate guztiak jada itxitzat ematen zituen berak.
Hortaz, elkarbizitzarako urratsak emateko mugimenduak izan dira. Izandako bileretan Jaurlaritzak zer edo zer ikusteko izan duela dirudi, baina ezer gutxi gehiago jakin izan da, diskrezioaren izenean. Kerejetak eta Jaizkibelek esandakoengatik pentsa daiteke gatazkaren protagonisten iritzia ere kontuan hartu izan dela, baina zertaz hitz egin den eta zer lortu den edo ez den lortu, hori ez dakigu, diskrezioz jardun dutelako. Hilaren 9an jakingo omen da.
Jaurlaritzaren aginduaren zain
Ziurrenik gaur Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren erresoluzioa jakinaraziko zaie bi aldeei, Alardea Fundazioari zein Jaizkibel konpainiari. Besteak beste, bi desfileen ordutegiak eta Jaizkibelek egin ahal izango duen ibilbidea zehaztuko ditu Gasteizko aginduak.
Hori ez da berritasun, baina Hitzak jakin izan duenez, aurten izango da nobedaderik, eta berritasun horiek ezagutzen ez diren arren, Jaizkibel konpainiaren jardunean eragingo dute. Horrez gain, konpainia parekideko arduradunek onartu dute lehen aldiz urte askotan, konpainia parekideak pankarta gabe egingo duela ibilbidea, eta ez duela atzetik babesa erakutsiko duten jarraitzailerik izango. Aldiz, atzo egitekoak ziren asanblean azaldu zutenez, jarraitzaileei babesa ibilbidearen kale bazterretik adierazteko eskatzekoak ziren.
Konpainiako arduradunen esanetan, desfilea pankartarik gabe eta inguruko jarraitzailerik gabe egiteak ez du loturarik Segurtasun Sailak eman beharreko aginduaren testuarekin, eta, aldiz, berretsi nahi du asteartean komunikabideen aurrean agertu zuten jarrera. Agerraldi hartan Izaskun Larruskain kapitainak alkateak Jaizkibelen kontra esandakoak salatu zituen, baina Jaizkibelen erantzuna “festa giroan eta elkarrekiko errespetuan” izango zela gehitu zuen: “Guk, hondarribiar gehienok bezala, bakea nahi dugu, ez liskarra, festa bizi nahi dugu, ez dugu beste helbururik. Konponbidea bilatzen dugu”.
Hogei urteko ibilbidea
Ikusteko dago igandera bitartean zein mugimendu egoten diren, ekainean lehendakariak iragarritako lanaren fruituak zeintzuk diren. Hamazazpi urtez desfilatu du Jaizkibel konpainiak eta hogei urte dira lehen aldiz emakume talde batek Hondarribiko Alardean desfilatzeko eskaera egin eta ukatu zitzaionetik.
Azken urteak pankarta baten atzean egin du Jaizkibel konpainiak ibilbidea, kuberoen atzetik eta ibilbideko espaloietatik duen sostengua gutxika-gutxika handituz joan den bitartean. Hilaren 8ko goizeko desfilean udaletxeko arkupeetan harrera egin dieten ordezkari politikoak ere aldatuz joan dira, erakundeen osaketaren arabera. Aurten bertan zein izango den igandera arte ez da jakingo, hori ere diskrezioaren izenean.