"Bandera lortzen ez badugu ere, igandeko jardunaldia irabaztea izugarria litzateke"
Kontxan sailkapena zuten buruan Hibaikako neskek, baina sailkapena lortzearekin nahikoa ez, eta lehenengo jardunaldian bigarren egin dute. Zumaiarrengandik 11 segundora geratu dira. Iganderako bandera eskuratzeko aukera urriak dituzte, baina estropada ona egiten saiatuko direla esan du Eli Pescadorrek (Errenteria-Orereta, 1982).
– Bigarren tokia egiterik espero al zenuten?
Bagenekien arraunean ondo ibiltzen baginen aukera genuela goian ibiltzeko. Azkenean espero baino pixka bat hobeto atera da, eta pozik gaude.
– Zumaia zen faborito nagusia, baina ziabogara arte Hibaika aurretik izan zen. Azkenean, 11 segundoko aldea atera dio Hibaikari. Alde txikiagoarekin iristerik espero zenuten?
Ez genuen pentsatua zein alde edukiko genuen. Joan ginen gozatzera, eta azken denboraldiari bukaera ematea.
– Irabazteko aukerak urriak dira. Zein motibaziorekin aterako zarete igandean?
Bandera irabaztea badakigu oso zaila dela, baina saiatuko gara igandean gauzak ondo egiten. Zaila da bandera irabaztea, baina motibazioa badaukagu; ez dugu utzi. Irabaziko ez bagenuke ere, igandeko jardunaldia irabaztea izugarria litzateke.
– Hori izango da zuen helburua?
Helbururik ere ez dugu jarri baina izan daiteke. Ikusten dugu oso zaila dela. Bandera honetarako ez dugu helbururik jarri; helburu bakarra izan da gozatzea eta gauzak ondo egitea.
– Aukera txiki horien artean, itsasoa lagun izan daiteke bandera lortzeko. Zer nahiago duzue iganderako itsaso zakarra ala barea?
Talde gehienei normalean itsaso bareak ematen die segurtasuna. Itsaso zakarrarekin beti gauzak gehiago aldrebestu daitezke. Alde horretatik, guk ere nahiago dugu bare egotea.
– Denboraldian zehar, batik bat San Juanekin izan duzue lehia. Igandean ontzi arrosak jarriko dizkio gauzak zail Hibaikari?
Izan daiteke. Batzuetan bat izan da aurretik besteetan bestea, izan daiteke bien arteko lehia egotea.
– Denboraldi oso ona egiten ari da Hibaika. Hasierako helburuekin bat egiten du orain arte lortutakoak?
Gure helburu nagusia bat zen: Euskotren ligan sartzea. Hori lortu genuen, ikusi genuen nahiko txukun egiten ari ginela pixkanaka hobetzen ari ginela, eta helburu edo sari bezala jarri genuen Kontxako sailkapena. Lortu dugu eta pozez zoratzen gaude.
– Hondarribian ere bandera lortu zenuten. Buruan zenuten banderaren bat irabaztea?
Asmo bezala arraunlari guztien eta talde guztien ametsa beti bandera bat irabaztea dela. Bagenekien zaila zegoela, baina lortu genuen, eta hori ja ez digu inork kenduko.
– Ia denboraldia bukatzear dela. Nola ikusi duzu taldea? Zein balorazio egiten duzu?
Taldea oso pozik dago egindako lanarekin, pozik egindako aurrerapenekin. Denen parte hartzearekin lortu dugu guztia, taldeko kide guztien aldetik, eta oso pozik gaude.
– Nola joango zarete igandeko estropadara?
Ilusioz beteta joango gara, eta gauzak ahalik eta hoberen egiten saiatzea. Entrenatzen jarraituko dugu orain arte bezala, eta ea zer ateratzen den.
– Jarraitzaileen beroa ere beharrezkoa izango da.
Arraunlari guztientzat oso hunkigarria izan zen herriko jende bertan ikustea. Gauza oso polita. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu, eta ea animatzen diren igande honetan ere gauza bera egiten.