Ezohiko Osoko Bilkura egingo dute bihar Hondarribiko udaletxean eta, beste gaien artean, Portu auzoa berriro urbanizatzeko laugarren fasea esleitzeko proposamenaren gainean eztabaidatuko dute. Dena ongi, irailean, herriko festen ondoren hasiko dira San Pedro kaleko lanak, baina horretarako ezinbestekoa da bihar Hirigintza eta Kultur Ondare Batzordeak egindako esleipen proposamena onartzea Udalbatzak.
Hori izango da biharko Plenoaren gai nagusia baina beste batzuk ere landuko dituzte. 19:00etan hasiko da eta, osoko bilkura guztiak bezala, publikoarentzat irekia izango da.
Gai zerrenda
- 2012ko irailaren 4ko eta urriaren 30eko bilkuretako akten irakurketa eta onarpena.
- Club Nautico Hondarribiarentzat ezohiko diru-laguntza izenduna esleitzeko proposamena.
- Prebentzio Komunitarioko Planaren luzapen proposamena.
- 2012ko Kontu Orokorra onartzeko proposamena.
- Portu Auzoko 4. zatia-San Pedro kalea berriritartzeko lanen esleipen proposamena.