Pedro Alegre, Juanma Garate eta Juanjo Garagarza
Bizikletarekin lotutako hainbat ekimen egingo dituzte asteburuan Irunen. Gehienek, Juanma Garate Bizikleta Festarekin dute harremana, baina Donostiako Klasikoaren eta Igandew Sasoi jardueraren laguntza izango dute ekitaldiek. Hala, hitzordurik garrantzitsuena igandeko Juanma Garate zikloturisten martxa izango da, baina horren inguruan hainbat eta hainbat jarduera daude bi gurpiletako garraiobideari gorazarre egiteko.
Joan den astean aurkeztu dituzten ekimenok Juanma Garatek berak, Pedro Alegre Irungo Udaleko Kirol ordezkariak, eta Club Ciclista Irunes taldearen presidente Juango Garagarzak. Alegrek nabarmendu zuen asteburu biribila izango dela bizikleta zaleentzat, saiatu direlako festaren ohiko ekintzak Donostiako Klasikoarekin nahiz Igande Sasoirekin lotzen, “programa ederra osatu dugu, bizikleta zaleentzat eta hiritarrentzat oro har”.
Juanma Garate martxari dagokionez —igandean da, beheko zerrendan xehetasun gehiago–, Bidasotik, Malerrekatik (Nafarroa) eta Oarsoaldetik egingo du bidea, San Juan plazatik abiatuta, 140 kilometroko bidea du. Hala, konpetiziotik askoz harago doan martxa da Irungo txirrindulariaren izena daramana. Izena emateko bi bide daude:
Kirolprobak-en webgunea, eta
martxaren webgune propioa. Federatuek 20 euro ordaindu behar dituzte, eta ez direnek, 30.
Ondoko zerrendan dago asteburuko egitaraua:
Hilak 27 (larunbata)
- 15:30. Donostiako Klasikoa lehen aldiz Irundik pasatuko da, eta Letxunborro etorbidean tarteko helmuga bat egongo da jarrita.
- 15:30-16:30. Berto magoaren saioa Puianako haur parkean, Opariak banatuko dituzte ekimenaren babesleek.
- 16:30. Bigarrenez pasatuko da Donostiako Klasikoa Irundik.
- 18:00-22:00. San Juan plazan, ekimena babesten duten enpresen postuak jarrita egongo dira.
- 18:30-19:30. Trialsin erakustaldia San Juan plazan.
- 20:00-22:00. Cycling saioa San Juan plazan.
- 22:30. Irun Zuzenean-en barruko kontzertua San Juan plazan Elisabeth Sanz eta Skybeats taldeekin.
Hilak 28 (igandea)
- 07:30-15:30. San Juan plazan, ekimena babesten duten enpresen postuak jarrita egongo dira.
- 08:30. Juanma Garate zikloturisten martxaren hasiera Sasn Juan plazatik.
- 10:00-12:00. Cycling saioa San Juan plazan.
- 11:30-13:30. Zabaltza plazan eta Kolon pasealekuan, Igande Sasoi.
- 12:30-15:30. Zikloturisten martxako partaideak San Juan plazara iritsiko dira.