Ezin dute. Zumaia indartsuegia da emakumeen mailan. Ez Hibaikak eta ez San Juanek, liga edozein dela ere, Zumaiaren popa besterik ez dute ikusten aurten, eta larritzekoa ez bada ere, beti bigarren postuaren alde borrokatzeak etsipena sor dezake Oarsoaldeko bi traineruen artean. Horrela izan da asteburuan ere.
Larunbatean Gipuzkoako Emakumeen Traineru Ligako bigarren estropada izan zuten jokoan. Nola ez, Zumaiak irabazi zuen, eta hamar segundo beranduago sailkatu zen San Juan bigarren postuan. Hirugarrena Hibaika izan zen, 26 segundora. Atzo, berriz, Orioko Euskotren ligako bandera, gorriak berriz ere nagusi, baina kasu honetan errenteriarrak zortzi segundo beranduago iritsi ziren helmugara, eta arrosak hamaika atzerago. Behintzat, aldeak pixkanaka murrizten ari dira Oarsoaldeko bi traineruak.