Asko landu dute aurtengo bira
Azkar, oso azkar ari dira saltzen Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) asteazkenean Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean eskainiko duen kontzerturako sarrerak. Turismo bulegoetan eros daitezke, kirol kaikoan zein Arma plazakoan, eta txartel guztiak salduko ez balira, asteazkenean jarriko lituzkete Itsas Etxeko leihatilan, baina ez da erraza izango, oso erritmo onean saltzen ari baitira. 20:00etan izango da EGOren saioa asteazkenean, eta sarrerak 10 euro balio ditu.
EGOren udako bira itxiko duen kontzertua izango da asteazkenekoa. Hondarribian baino lehenago Gasteizen, Bilbon eta Donostian ariko da gazteen orkestra. Bira laburra baina zaila izaten ari da, Juanjo Ocon orkestrako zuzendariaren arabera, orkestraren inoizko proiektu “handinahiena eta zailena” delako.
Hondarribian joko duten errepertorioa lantzeko, hilaren 13tik 15era ibilbide luzeko zazpi irakaslerekin topaketak egin zituzten orkestrako gazteek Eibarko Hezkuntza Esparruan.
Programa
- Carl Maria Von Weberren Der Freischutz. 10 minutu.
- Piotr Ilitx Txaikovskiren 5. Sinfonia. 50 minutu.