30 urte eta gero...
Ederra… mundiala! Hiru bizardun, kainabera bat eta ikurrina nahikoak izan dira festa hasiera atzeratzearekin begira-begira zegoen munduari ohartarazteko normaltasunetik urrun bizi garela. Legeen eta zigorren gainetik, munduaren aurrean agerian geratu da ustezko normaltasun horren azpian bor-borka dirauen herri bat dagoela… ikurrina eta guzti!
Uztailaren 21ean 30 urte beteko dira gure festak bertan behera geratu zirela Espainiako bandera udaletxeko balkoitik eskegitzen saiatu zirelako. Herriak bere haserrea erakutsi zuen eta poliziak bere armak. Festari ez, baina Hego Euskal Herrian barrena zabaldu zen Banderen gerra-ri eman zitzaion hasiera Oreretako Herriko Enparantzan.
Garai berri hauetan asko gara, pasatakoetan bezala, gure senideak eta lagunak ikustera Espainiako, Frantziako edo munduko azken txokoraino joaten jarraitu behar dugunok: zigorrak, kartzelarenak eta erbestearenak, badirau askorentzat.
Guk Avilako (Espainia) kartzelara joan beharko dugu datozen zortzi urteetan, gutxienez. Bisitara sartzeko zain gaudela itxaron gelako leihotik ikusten dut Espainiako bandera sarrera nagusiko masta luzean: urteak dira zarpazahar egina dagoela.
Era batera eta bestera inposatu nahi zaiguna ia kolorerik gabeko trapu zahar bilakatua ikusteak ez dit barrua mugitzen. Eta zer esango dizuet, horrek sekulako poza eragiten dit sentitzen dudalako banderak ez didala inolako gorrotorik gordearazi. Hala ere, nire tuntunean, zaila egiten zait ulertzea zergatik duten hain itxura tamalgarrian guri gurtuarazi nahi digutena.
Eta ba omen datoz berriro beren bandera inposatu nahian… gai izango ote gara enbidoari eusteko?
Beldurrik gabe, konplexurik gabe, esan eta erakutsi beharko genuke, 30 urte geroago, normalizatua dagoela azaldu nahi duten egoera berri honetan ere, ez dugula bandera hori onartzen. Ziur naiz herritar gehienen sentimendua izango dela. Beste kontu bat da zein bide erabiliko dugun ez onartze hori erakusteko: horra hor koska!
Gure artean esaldi bat erabiltzen dugu: «Ez dago protestarik proposamenik gabe». Tamalez, oraindik ez zait bururatu erasoari erantzuteko ideia original eta eraginkorrik… kontraesanak, baina, ez du gure haserrea izoztu behar. Haserre nagoelako, eta protestatu nahi dudalako, nire proposamen xumea egingo dut: nago kulturaniztuna bihurtu zaigun mundu honetan, denok elkarrekin bakean bizi ahal izateko besteen identitatea onartu behar dugula. Onartu eta errespetatu; nork bereari uko egin gabe, noski. Zergatik ez jarri Espainiako banderarekin batera beste gainerakoena?
Udalak 2012ko abenduko erroldan jaso zuenaren arabera, Espainiatik etorritakoekin batera, beste herrialde hauetako lagunak ditugu bizilagun: Alemania, Aljeria, Ameriketako Estatu Batuak, Andorra, Angola, Argentina, Armenia, Australia, Austria, Belgika, Bielorrusia, Boli Kosta, Bolivia, Brasil, Britainia Handia, Bulgaria, Burkina Faso, Cabo Verde, Costa Rica, Dominikar Errepublika, Egipto, Ekuador, Ekuatore Ginea, El Salvador, Errumania, Errusia, Eslovakia, Estonia, Etiopia, Filipinak, Finlandia, Frantzia, Gabon, Gambia, Georgia, Ghana, Ginea, Ginea Bissau, Grezia, Guatemala, Hegoafrika, Herbehereak, Honduras, Hungaria, India, Irlanda, Italia, Kamerun, Kazakhastan, Kolonbia, Kongo, Kuba, Libano, Maroko, Mauritania, Mexiko, Moldavia, Mongolia, Nepal, Nigeria, Nikaragua, Norvegia, Pakistan, Panama, Paraguai, Peru, Polonia, Portugal, Saudi Arabia, Senegal, Sierra Leona, Suedia, Suitza, Txekia, Txile, Txina, Ukraina, Uruguai, Venezuela, Vietnam.
Kolore festa ederra erakutsiko luke gure udaletxeak. Hartara, duela 30 urteko gertakari haiek utzi ziguten zuri-beltzeko oroimena koloretako etorkizunez beteko da; izan ere, guk, koloretako mundu euskalduna amesten dugu!