Olharan baino askoz gehiago izan zen Mikel Egiguren atzo
Egiguren II-Enbil bikoteak Munduko Pilota Biltzarraren binakako Txapelketako finala jokatuko du heldu den ostiralean, atzo Jostaldin jokatu zen ligaxkako hirugarren eta azken partida irabazi eta gero (35-20). Galdu gabe zeuden bi bikoteak zeuden aurrez aurre, Egiguren II-Enbil eta Olharan-Erkiaga.
Mikel Egiguren jaun eta jabe izan zen aurreko koadroetan eta erraz nagusitu ziren elastiko gorriz jokatu zuten pilotariak. Olharanek, berriz, behartu gabeko huts asko egin zituen. Hortaz, hilaren 26an jokatuko den finalean izango dira Egiguren eta Enbil. Aurkaria astelehenean ezagutuko dute, Gernikan, bertan egingo baita finalerdia.
Atzo galdu arren, finalean egoteko aukera guztiak ez dituzte galdu Olharanek eta Erkiagak. Izan ere, ligaxka bigarren postuan bukatu dute eta horrek finalerdia jokatzeko aukera ematen die. Beaskoetxea-Irastorza bikoa izango dute aurkari. Ligaxka jokatu gabe, final erdietan sartu dira lehiaketara eta Gernikako partidan eurak dira faboito.