
Hibaikako arraunlariak, bandera aurrean dutela
Hibaika Arraun Elkarteak KAE2 Ligaren barruko estropada antolatu du iganderako, Pasaiako badian. 11:30ean hasiko da estropada hori, eta Oarso Bidasoko traineruei dagokienez, Hibaikaz gain, San Pedro eta Hondarribiaren B ontziak izango dira bertan. Nabarmendu behar da aurten, lehen aldiz, Errenteria Hiria Ikurrina izena izango duela lehiak, udalak aurrekoetan lagundu badu ere, aurten erakundearen inplikazioa nabarmenagoa izan delako.
Herriko Plazan aurkeztu zuten bandera. Bertan Hibaikako kategoria guztietako arraunlariak izan ziren, emakumeak eta gizonak. Giro ederra jarri zuten beltzez jantzitako kirolariek herrian.