Pasaiako Udalak udalbatzarra egin du gaur goizean, eta bertan udalak berretsi du Donibaneren saneamendua “premiazkoa” dela. URA Agentziak datorren urteko aurrekontuan ez du sartu proiektua, eta pasa den astean jakinarazi zion udalari. Amaia Agirregabiria alkateak azaldu duenez, 2009an agentziak zein udalak proiektu bana aurkeztu zuten. “Ezberdinak ziren teknikoki eta ekonomikoki”, esan du Agirregabiriak, “eta proiektu amankomuna egin zen 2010ean”. URAk hartuko zuen bere gain kostua.

Kontratatutako proiektuaren berri emateko eskatu zion iazko apirilean Udalak, eta bost hilabete beranduago bilera egin zuten. Bertan, udalak alde ekonomikoaren zati bat hartuko zuela esan zuen. Duela hiru hilabete, baina, URAko teknikariek zalantzan jarri zuten Pasaiako Udala ordainketa horiei aurre egiteko gai zela. Erantzun moduan, konprobantea bidali zioten agentziari, baina ez zituen gauzak aldatu.
Horrela, Pasaiako Udalak saneamenduaren premiazkotasuna berrestu du, eta proiektu tekniko bat behar dela adierazi dute. Horrez gain, eskaerak idatziz jasotzeko eskatu diote URAri.
Ordezkariak San Markon eta Añarben
Udalak San Marko Mankomunitatean zein Añarbeko Uretan edukiko dituen ordezkariak hautatu dituzte zinegotziek. Horrela, Bilduko Miguel Mari Torrea izango da lehenengoan, eta Haritz Perez bigarrenean. Euren taldekideen babesa jaso dute.
Gainera, atez ateko hondakinen bilketa finantzatzeko maileguaren alde bozkatu dute Bilduk eta Ezker Anitzak. Ogasun zinegotzi Jose Luis Sanzek defendatu du aurreztu egingo dela sistema horrekin.
Horrez gain, herritar batzuek aurkeztutako proposamena bere egin zuen Bilduk, hipoteka maileguen erreferentzia indizeen gainekoa. Gaur goizean herritarrek defendatu dute, eta bertan Kutxabanki eskatu diote Euriborra gehi %1 jartzeko. Horrela, hilabetero 300-400 euro aurreztu daitezkeela adierazi dute. Talde guztien babesa jaso dute, PPrena izan ezik.
Papingo bideari dagokionez, Donostiako Udalari administrazioarekiko auzi-helegitea jarriko diote, ahoz batez onartu ondoren. Donostiaren proposamena “aldebakarreko zentzugabekeria” dela iritzi dute, “akats juridiko larriak dituelako”. Hiriburuko udalari eskatu diote Pasaiakoaren eskumenak errespeta ditzan, eta industria jarduerak leku “egoki” batera lekualdatu ditzan.