Musika elkarteko hamar taldek joko dute bost ostegunez, herriko beste horrenbeste eszenatokietan
Mendeku taldea, atzo baluartean
Psilocybenea Musika Elkartea 20 urte betetzen ari da aurten eta Baluarte Rock 2013 Jaialdiak hasiera eman dio XX. urteurrena ospatzeko antolatuko duten ekitaldi sortari. Mendeku eta Sfintters bandek Erreginaren baluartean emandako kontzertuak abiatu zuen Baluarte Rock festibala eta hurrengo lau ostegunetan Hondarribiko musika elkarteko beste zortzi taldek joko dute, ostegunero bina.
Kontzertu guztiak asteko egun berean izango dira, ordu berean hasita, 19:00etan, eta sarreragatik prezio bera ordaindu beharko da, ezer ere ez. Baina ostegunero tokiz aldatuko dute jaialdia eta, hala, herriko bost lekuetan izango da tokiko taldeen rock doinuak entzuteko parada: Baluartean, Apezpiku plazan (Alambrada eta Beti Gugan, hilaren 25ean), Santiago kalean (Naut eta Kausa Perdida, abuztuaren 1ean), Kasino Zaharrean (Luz de putas eta Patxuko Nice, abuztuaren 8an) edota Gipuzkoa plazan (Imago 4 eta Tripimonsters, abuztuaren 15ean).
Baluarte Rock 2013, Psilocybenea elkartearen XX. urteurrenaren barruan antolatutako ekitaldietatik lehena da. Besteak beste, dokumental bat grabatzen ari dira eta abuztuaren 24an kontzertu handia egingo dute Zumardian, Atom Rhumba, Guadalupe Plata eta Willis Drummond taldeekin. Egun horretarako egitaraua erabat itxi gabe dago, baina zikiro jatea prestatzeko aukera ari dira aztertzen.
Naica taldea, Jazzaldira
Hondarribiko Naica talde elektro akustikoak Donostiako Jazzaldian joko du hilaren 25ean, osteguna, 19:00etan. Coca-Cola agertokian ariko dira, Zurriola pasealekuan, Kursaalaren terrazen ondoan. Jazzaldiko gune berriena da hori eta artista berriak ezagutarazteko sortu zuten. Psilocybe elkarteko kide da Naica.