Aingeru Guarda ikastetxea konpontzeko proposamena onartu dute
11 puntuko gai ordena izan zuten zinegotziek atzokoan, eta eztabaida luze joan bazen ere —hiru ordu— ia puntu guztiak onartu zituzten, bi izan ezik: mahai gainean geratu zen Errenteriako hiri garraio zerbitzua kontratatzea dokumentazio faltagatik, eta banandutako bikoteetan haurren zaintzari buruzkoa. Kasu horretan bi aurkeztu ziren, bata Euskadiko Bananduriko Gurasoen Federazioarena (Bilduk abalatua) eta PSE-EErena. Lehenengoan PPk bakarrik bozkatu zuen haurrak dituzten bananduen kasuan zaintza partekatua ezartzearen alde, eta PSE-EErena (malguagoa) atzera bota zuten Bildu eta EAJren botoekin.
Eztabaida gehien sortu zuen puntua, azkeneko ezohiko udalbatzarrean gertatu bezala, Orereta Ikastola eta udalaren arteko hitzarmenaren aldaketak sorrarazi zuen. PSE-EEk aurkeztutako osoko emendakina eta udalak aurkeztutako proposamena zituzten bozkatzeko zinegotziek. Azkenean, PSE-EEren osoko emendakina mahai gainean geratu zen, nahiz eta PPk eta Ezker Anitzak alde bozkatu, Bilduk eta EAJk kontrako botoa eman zuten. Aldiz, udalaren proposamena aurrera atera zen koalizioaren eta jeltzaleen botoekin.
PSE-EEk proposamena mahaiaren gainean uzteko eskatu zuen, eta hainbat arrazoi eman zituen horretarako: beste ikastetxeekiko konparaziozko bidegabekeria egiten zela, Orereta Ikastolari aldeko tratua egiten zitzaiola, eta akordio zabalagoa behar zela, “PSE-EEk bere garaian ikastolarekin sinatu zuen akordioan bezala”.
Ezker Anitza proposamenaren kontra azaldu zen, batik bat antzeko egoerak ekartzeko aurrekari bat izan daitekeela iritzita, eta udalari “berari ez dagokion karga ekonomikoa” ekar dakiolako. Hala ere, ez zuen PSE-EEren emendakina babestu, puntu batzuetan ez zuelako bat egiten. Emendakina puntuz puntu bozkatzea proposatu zuen, baina idazkariak azaldu zuen osorik bozkatu behar zela, eta abstenitu egin zen.
PP ere ildo beretik mintzatu zen, eta mantenuko gastuak ikastolak berak ordaindu beharko lituzkeela esan zuen.
EAJko Maite Peñaren iritziz, ordea, hori ez da mantenuko gastu bat, inbertsio bat baizik, eraikina udalarena izaten jarraitzen duelako. Zentzu horretan, garai horretan Orereta Ikastolarekin sinatutako akordioan gastu horiek ikastolak berak hartu behar zuela ez dela “argi” adierazten adierazi zuen, eta jeltzaleek ulertzen dutela gastu hori udalak bere gain hartu behar duela. Orereta Ikastolaren intereserako bakarrik ere ez dela esan du Peñak, “udalari ere interesatzen zaiolako erabilera egitea, eta hala, eraikinean egiten diren gastuak amortizatzea”.
Bilduren izenean, Luisma Diez Hirigintza zinegotziak hitz egin zuen, eta obrak egiteko beharraren arrazoiak eman zituen. Arazoa gertutik ikusi zutela azaldu zuen, eta kaxa elektrikoek batez ere kezkatu zituztela, “pertsonentzako arriskutsua” izan zitekeelako. Egoera hobeto aztertzeko, hala ere, enpresa bat kontratatu zutela adierazi zuen, eta berak ere kaxa elektrikoak aldatzeko beharra berretsi zuela. Horrez gain, leihoak aldatzeko beharra ere ikusi zuen. “Segurtasun eta efizientzian inbertitu behar da, eraikinean dagoenaren arabera”.
Julen Mendoza alkateak ere hitz egin zuen. Ezohiko udalbatzarra gaia urgentziaz tratatzeko egin zutela gogorarazi zuen, hala obrak udan egin ahal izateko, eta orduan esandakoa gogorarazi zuen, gaia mahaian gainean utzita ez zela ezer aldatuko alderdiek gaiarekiko beren iritzia osatuta zeukatelako, eta kaltetu bakarra Orereta Ikastola izango zela: “Hilabete honek ez du ezertarako balio, eta udan ezin izango ditugu ziurrenik lanak egin”.
Oarsoaldea agentziako kudeaketa plana
Bozketara atera zuten lehenengoz, Oarsoaldea garapen agentziako kudeaketa plana. Alderdi guztiak ados jarri ziren hori lehenengo pausoa dela esatearekin, eta etorkizunera begira, gehiago eman behar direla esan zuten agentziarekin lan gehiago egiteko. PSE-EEk ere neurri gehiago eskatu zituen enplegu eta turismo arloan. Asier Mujika Oarsoaldeko turismo mahaiaren ordezkariak batez ere “gardentasunaren aldeko pausoa” izan dela esan zuen, eta beste alderdiek interes falta erakutsi dutela, kudeaketa planaren aurkezpenean ez egoteagatik.
EAJ eta PSE-EEk esan zuten kontu hartzailearen txostenarengatik zegoela gaia plenoan, ez gardentasunarengatik. Mendozak, ordea, erantzun zuen, berez alkatetzaren eskumena dela, eta ez zegoela zertan plenotik pasatu behar, baina “gardentasunaren aldeko lehen ariketa” egin dutela.
Aurrera atera zen Bildu, EB eta PPren botoekin.
Onartu ziren beste puntuak honakoak izan ziren: 2012ko kontu orokorra onartzea, funtzionarioek 2013ko apirilaren 30eko pleno akordioaren kontra aurkeztutako errekurtsoa, 23 area Gerontologikoari dagokion hiri antolamendurako plan orokorraren 5. aldaketa puntuala, eta Auto Taxi zerbitzuaren udal ordenantza.
Madalenetako prozesioa
Eztabaida sortu zuen beste puntu bat madalenetako prozesioarena izan zen. EAJk gai ordenean ez zegoen mozio bat aurkeztu zuen, madalenetako egitarauan azaldutako akats batengatik. Maite Peñaren arabera, zenbait herritarren kexak jaso dituzte, prozesioan “Udalbatzako hainbat kidek” parte hartuko dutela azaltzen da, eta horrek 2012ko maiatzean udalbatzak onartutako erabakia urratzen duela esan zuen, eta zirriborroan agertzen zen bezala “Udalbatzak lagunduta” agertu beharko lukeela.
Udalak akatsa onartu zuen eta publikoki barkamena eskatu zuen hori horrela argitaratu izanagatik.
Añarberen aldeko bandera
Galdera eskaeren atalean, Eguzkiko kideek madalenetako udaletxeko fatxadan Añarbe baso erreserba izendatzearen aldeko bandera jartzeko eskaera egin zuten. Alkateak erantzun zien berez eskumena alkatetzarena dela eta ez udalbatzarena. Hala eta guztiz ere, ez jartzearen alde azaldu zen, dagoeneko, bi bandera agertuko baitirelako, bata euskararen alde eta bestea berdintasunaren alde. Bertan behera geratu zen.