Erdiko harrien lerroa kenduko dute
Hilabete inguru iraungo dute Minasoroetan udalak eraiki nahi duen aparkalekuko lanak. Dagoeneko Otegi Gaztañaga enpresako makinak bertan dira eta datozen egunotan hasiko dira aparkalekua eraikitzen. Eroski kanpoaldeko aparkaleku ondoan dagoen orubean egingo dute aparkalekua eta, orotara, 65 aparkatzeko leku gehiago sortuko dituzte.
Alde Zaharreko Emergentzia Planak behartuta trafikoa arautzeko hainbat neurri hartu zituzten, besteak beste, harresi barruko hainbat lekuetan aparkatzea debekatuz. Neurri horien ondorioak arintzeko, extra muros aparkatzeko leku gehiago eraikiko zituela iragarri zuen udalak, eta Minasoroetan aparkatzeko 65 leku gehiago izango zirela gaineratu zuen.
Lehen fasean materiala pilatuko dute eta ondoren, moldatuko dute aparkalekua. Udaletik jakinarazi dutenez, Eroskiko aparkalekuaren eta lur zoruaren artean dauden harri handiak kenduko dituzte eta azalera guztia baliatuko dute 120 lekuko aparkaleku bakarra egiteko.