
Susperregi, Valderrobleseko proban
Irun Txirrindularitza Taldea-Telepizza taldeko Gorka Susperregi Espainiako biketrialeko txapeldun izan da, eta aldi berean Europako txapeldunorde, Junior Mailan. Tituluak asteburuan lortu ditu Susperregik, Valderrobles herrian (Teruel, Espainia). Hala, aurretik izandako lau probetan bi lehenengo postu eta beste bi bigarren lortu zituen, eta Teruelen egindako lan txukunagatik eraman du txapela etxera.
Orain Munduko Txapelketa prestatzen ari da. Bi probatan erabakiko da lehia hori, hilaren 20an eta 21ean izango da lehena Bartzelonako Igualada herrian, eta bigarrena Txekiar Errepublikako Blansko hirian izango da jokoan. 2010eko Munduko Txapelketan laugarrena izan zen Susperregi.