
Dies Oiassonis ekimena egingo dute asteburuan Irunen, Oiasso Erromatar Museoak antolatua eta Irungo Udalaren laguntzarekin. Irudikapen historikoak dira ekimenaren ardatz, hau da, garai batean erromatarrak Irunen nola bizi ziren, zer egiten zuten eta nola egiten zuten azaltzen saiatuko dira hainbat jardueraren bidez: hitzaldiak, antzerkiak, tailerrak, gastronomia erakusketak, musika… Aurten, eraikuntza historikoari garrantzia berezia emango diote gainera, eta horretarako Santanderko Jano eta Tarragonako Phoenix taldeetako kideak egongo dira, Erromako arkitekturaren berri ematen. Honakoa da bi egunetako egitaraua:
Bihar (larunbata):
- 12:00etan eta 17:00etan, Tessellae tailerra Oiasso museoaren plazatxoan. Mosaikoei buruzko tailerra da, ordu batekoa, Lau euroko kostua du.
- 12:00etan eta 17:00etan, Vindolandako gutunak tailerra, Oiassoko ekitaldi aretoan. Vindolandako kanpamentuetan aurkitutako taulen gainean idazteko tailerra da (erreprodukzioak dira), ordu batekoa. 4 euro.
- 13:00etan eta 17:00etan, Lucernae tailerra museoaren plazatxoan. Oliozko kriseiluak egiteko tailerra da, 45 minutukoa. 4 euro.
- 11:00etan eta 20:00etan, Artifex errekreazio historikoa museoaren plazatxoan. Erromako artisauen gaineko errekreazioa da.
- 13:00etan eta 18:00etan, museoaren plazatxoan, historia berreraikitzeko parte hartze tailerra: Erromako soldaduen bizitza zein zen ikasteko, hairen ekipamenduaren berri izateko… Ordu batekoa da.
- 18:00etan, museoaren plazatxoan, Erromaren egitura politikoa eta militarra osatzen zutenen berri izateko parte hartze tailerra.
- 13:00etan eta 19:00etan, Oiassoko Kaia aretoan, gladiadoreen borrokaldien gaineko errekreazio historikoa. Ordu batekoa da. 5 euro.
- 20:00etan, Navigium Isidis. Isis Egiptoko jainkosaren omenezko prozesioa da, ordu batekoa, Museotik abiatuko da, Dunboa kanaletik pasa, Istillagako zubia zeharkatu, eta buelta museora.
- 11:00etatik 20:00etara, Libraria Taberna. Erromari lotutako hainbat gairekin postua jarrita egingo da museoaren plazatxoan.
- 11:00etatik 20:00etara, museoaren plazatxoan, erromatarren brontzezko eskulturen erreprodukzioen erakusketa.
- 11:00etatik 20:00etara, museoaren plazatxoan, Thermopoliuma. Erromatarren gastronomia ezagutzeko eta dastatzeko postua da.
Etzi (igandea)
- 11:00etan, Ludi Oiassonis. Jokoak egunerokoan zeuden txertatuta erromatarren bizitzan, eta horien antzezpena-edo izango da Santiagoko Auzo Elkarteak pilotalekuan egingo duena.
Hilak 17, asteazkena
- 12:00etan, Mater Dei. Junkaleko Ama Birjinaren parrokiara bisita, bertatik hasita. Bertako erretaulan Erromatarren garaiko hainbat pasarte agertzen dira, Junkalelko Ama Birjinarenak: Augusto enperadorearekin harremana izan zuen hark. 45 minutuko bisita da.
Hilak 18 (osteguna)
- 19:00etan, De Architectura. Erromatarren aztarna Irungo hiri arkitekturan ezagutzeko ordu eta erdiko ibilaldia, Oiassotik abiatuta.