Ekintzailetza, Oarsoaldearen ekintzen txostenaren oinarri
Oarsoaldea garapen agentziak 2012an egindako ekintzen txostena aurkeztu du. Bertan, agentziarekin lan egin duten enpresa eta norbanakoen lana nabarmendu du, eta ekintzaile horiek aurrera eraman ahal izan dituzten proiektuak.
Ekintzaile horien artean daude, Felix Velak, Oiartzungo K35 enpresa nahiz Iker Fernandez eta Luis Oiartzabal. Velak Forvo eta Diversius webguneak jarri ditu martxan. Forvo hizkuntzei buruzko webgunea da, eta munduko 50 webgune onenen artean kokatu du Times aldizkariak. Oiartzungo K35 enpresak, berriz, 3D inprimagailuak egiten ditu, aitzindariak Euskal Herrian nahiz Espainiako Estatuan. Azkenik, Fernandez eta Oiartzabalek Zuk Egin Dezakezu hitzaldi eta tailerren proiektua gauzatu dute. Horri esker, 50 ideia eta ekintzailetza proiektu baino gehiago sortu dira, eta 45 boluntario baino gehiagok parte-hartu dute.
Pertseberantzia eta konpromisoa azaleratu
Aiora Perez de San Roman Oarsoaldeko presidenteak 2012 urte “konplikatua” izan dela nabarmendu zuen, eta langabezia tasa igotzen jarraitzea eman zuen adibide gisa. Hala ere, krisiaren beste aurpegiak, “pertseberantzia eta konpromisoa” ere azaleratu direla esan zuen, eta horri esker, “enplegua sustatu eta sortzeko baita bizitza kalitatea hobetzeko” lanean aritu direla.
Oarsoaldeak 2012an lortutako beste erronkak hauek izan direla jakinarazi du: Eskualdeko Enplegu Plana eta orientabideko zerbitzuaren iraunkortasuna, Herrilab, Ondartxoko proiektu museologikoa eta San Juan Galeoiaren berreraikitze proiektua, Eno Gastronomikorako Kluba, Irrien Lagunak,eta merkataritza nahiz arraindegietan euskararen alde egindako lana, besteak beste.