Kukaña lehiaketa egingo dute madalenetan
Berritasun nabarmen bat izango da aurten Euskal Gunearen egitarauan: I. Kukaña txapelketa. Oiartzun ibaiaren gainean ibiliko dira parte hartzaileak, enbor baten muturrean egongo den ikurrina bereganatzeko asmoz.
Hilaren 24ean izango da txapelketa, eta egun horretan bertan eman beharko da izena Madalenetako Euskal Gunean, 17:00etan. Kukaña leku horretan bertan egingo dute.
Irabazlea ikurrina hartu eta enborraren hasierara eramaten denbora gutxien egiten duen partaidea izango da. Behin ikurrina hartuta, bueltako ibilbidea nondik egiten den ez du axola: enborretik bertatik edo ibaian igeri egin eta bueltatuta.
Parte hartzea ontzat emateko tente joan beharko da enborrean zehar, ikurrina harrapatu arte. Ezingo da inolako oinetakorik erabili kukañarako, are gutxiago eskaladakoak.
Gutxienez, 16 urte beharko dira parte hartu ahal izateko, eta 18 urtetik beherakoek gurasoen baimena beharko dute.